SOSLAIA

Maika Garbiras Ugarriza, Berakatz eguneko funtsezko pieza

Txabi Alvarado Bañares 2025eko irailaren 3a

Maika Garbiras udaletxeko balkoian 2016an, jaietako pregoia irakurtzen. / Aiaraldea.eus

Maika Garbiras Ugarriza ia hogei urtez aritu zen Berakatz eguneko bazkaria antolatzen, 1979tik milurteko berriaren atarira arte. Duela astebete zendu zen orozkoarra. 

Iragan asteko ostegunean zendu zen Maika Garbiras Ugarriza, aurtengo sanantolinak hasteko egun gutxi falta zirenean. Aipamen berezia egin zioten orozkoarrari asteleheneko txupinazoan, jaiak barru-barrutik bizi zituela nabarmenduta.

Ez da gutxiagorako. Garbiras funtsezko pertsona izan zen urte luzez bere herriko festen antolakuntzan. Ia hogei urtez aritu zen Berakatz eguneko bazkaria antolatzen, eta 2016an pregoilari izendatu zuten, eginiko lan hori aitortzeko asmoz. 

1979. urtean ekin zioten sanantolinetako otordu ospetsuena antolatzeari, Garbirasen beraren hitzetan. "Lehen kalejira bat egoten zen egun horretan eta lagun taldeek bazkariak egiten zituzten, baina bakoitzak bere aldetik, eta guk beste eredu bat planteatu genuen", azaldu zuen Aiaraldea Komunikabideari eskainitako elkarrizketan

Garbiras arduratzen zen otordua prestatzeaz, baina kide ugari zituen bidelagun. Hala oroitzen zuen berak: "Aurreko egunean hasten ginen beti eta prestaketak berak ere giro ederra sortzen zuen, ospakizunaren parte zen". Bere hitzetan, 250 lagun inguru biltzen ziren urtero frontoian, baita "Laudioko kuadrillak ere".

Hala ere, bazkaria ez zegoen sanantolinen egitarau ofizialaren barruan sartuta. Garbirasen beraren esanetan, "herri ekintza" izatea nahi zuten. "Udalari mahaiak eta aulkiak eskatzen genizkion baina ez beste ezer", azaldu zuen 2016an eginiko elkarrizketan, "hala ere, urtez urte egitarauan sartzeko eskakizuna jasotzen genuen Udaletik eta azkenean sartu zen baina xarma galdu zuen. Guk 1990. hamarkadaren amaieran utzi genion bazkaria antolatzeari". 

Bere hitzetan, Berakatz eguneko bazkariaren filosofia izan beharko lukete sanantolin guztiek, "partehartzaileak eta bizikidetasunari lotutakoak" izanda. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide