Ekitaldi hunkigarri bezain esanguratsua egin zuten larunbat goizean Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan. Duela urtebete inauguratu zen monumentu hori, hiriko hilerriaren alboan. Izan ere, hobitegi horretan topatu dira Urduñako espetxe frankistan hildako presoen hainbat gorpuzki. Guztira, 71 gorpuen arrastoak aurkitu dira orain arte eginiko bi indusketetan (14 gorpu 2014an eginiko indusketan topatu zituzten, eta beste 57 iazko abenduan eginikoan).
Horietako 5en identitatea zehaztu ahal izan dute, DNA frogen bidez. Hala ere, kartzelako erregistroen arabera, 225 pertsona hil ziren guztira, eta 3.891 preso igaro ziren guztira bertatik.
Hain zuzen, bost pertsona horien identifikazio prosezuaren azken urratsa burutu zuten larunbatean, topatutako hezurrak euren senideen entregatuta. Hildako horietako 4 ziren Badajoz probintziakoak: Fructuoso Llorens Tolesano, Alfonso Tena Prieto eta Manuel eta Salvador del Amo Jimenez anaiak. Bosgarrena, aldiz, Toledo probintziakoa zen: Alejandro Gomez Hidalgo.
Kartzelako erregistroen arabera, 225 pertsona hil ziren guztira, eta momentuz, 5 identifikatu dituzte.
Bostak ziren nekazariak, eta antzeko egoeratan atzeman eta espetxeratu zituzten. Fructuoso Llorens Tolosano etxetik atera zuten eta bere familiak ez zuen haren beste berririk izan, orain arte. Bere alabetako bati (Juana Llorens, 94 urtekoa) atera zioten DNA lagina, eta modu horretan identifikatu dute gorpua.
Manuel eta Salvador Del Amo Jimenez anaiei, aldiz, 30 eta 20 urteko espetxe zigorrak ezarri zikieten, hurrenez hurren, "matxinada delitua" egotzita. Manuelen 95 urteko semearen eta iloba baten DNA baliatu dute bi gorpuzkiak identifikatzeko.
Alejandro Gomez Hidalgori, aldiz, 12 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Toledon eginiko gerra kontseilu batean, eta 1939ko abenduaren 5ean eraman zuten Urduñako Espetxe Zentralera. Alfonso Tena Prieto de Don Alvaro, aldiz, handik egun batzuetara iritsi zen hirira.
Nerea Melgosa sailburuaren hitzak
Ehundik gora lagun bertaratu ziren larunbateko omenaldira. Aipatutako bost hildakoen senideez gain, hainbat ordezkari politiko ere gerturatu ziren: Iker Santocildes Urduñako alkatea, Jose Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, eta Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.
Nerea Melgosak hartu zuen hitza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Eginiko lana goraipatu eta prozesuan parte hartu zuten eragile, erakunde eta norbanako guztiei eman zizkien eskerrak, banan-banan. Ondoren, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektua jarri zuen mahai gainean, abian jarritako prozesuan lagunduko duen "trena berri eta indartsua" izango dela argudiatuta, "oso babes sozial eta politiko handikoa".
Horrez gain, Extremadura eta Urduñaren arteko lotura ere nabarmendu zuen Melgosak, hiriko espetxe zentralean egondako preso guztietatik 2.035 zonalde horretakoak zirela azalduta (225 hildakoetatik 127 ziren bertakoak). "Castuerako kontzentrazio-zelaiko ehunka preso eraman zituzten trenez Urduñako zelairaino eta espetxeraino. Trenetara igo eta 700 kilometro baino gehiagotara eraman zituzten, zigortzeko, bai eurei bai euren familiei", azpimarratu zuen sailburuak. Horren aurrean, "askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren" alde borrokatzeko beharra aldarrikatu zuen, eta "erreakzioari eta totalitarismoei" aurre egitekoa.
Larunbateko ekitaldiarekin, aipatutako bost hildakoen senideek orain arte luzatutako bilaketa amaitu ahal izan dute, baina prozesuak aurrera darrai. 50 familia baino gehiagoren DNA laginak hartu dituzte, eta modu horretan espero dute topatutako beste 66 gorpuak identifikatzea.
Argazkiak: Urduñako Udala eta Txabi Alvarado Bañares