Mila panpin baino gehiago ikusgai Santxotena Museoko erakusketa berrian

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abu. 4a, 22:48

XX. mendeko pieza andana bildu Teresa Lafraguak Artziniegako museoan, irailaren 10era arte. 

Erakusketa berria atondu dute Artziniegako Santxotena Museoan. 1.000 panpin baino gehiagoko bilduma dago ikusgai, Nostalgia baten esnatzea (Despertar de una Nostalgia) izenburupean. 

Teresa Lafraguak atondu du erakusketa. Bere hitzetan, “milaka urtetako” historia dute panpinek, “papiroz, lihoz edota marfilez eginikoak topatu baitira Egipto, Erroma edota Grezia bezalako lekuetan”. 

Hala ere, bildumako pieza guztiak dira modernogoak, XIX. mendetik aurrerakoak. Lafraguaren hitzetan, garai horretan igaro ziren panpinak “luxuzko objektuak” izatetik “jostailu herrikoiak” izatera, “industrializazioaren eraginez”. 

Gauzak hala, XX. mendean sortutako hainbat panpin entzutetsu ikusi daitezke museoan: Mariquita Perez, Barbie, Nancy edota Nenuco, besteak beste. Askotariko materialez eginiko piezak daude ikusgai: portzelanazkoak, harrizko kartoizkoak, bakelitakoak, zeluloidezkoak, arto-hostozkoak, oihalezkoak, artilezkoak, mache paperezkoak, egurrezkoak, plastikozkoak edota feltrozkoak.

Erakusketa honekin, bisitariak “haurtzarora itzultzea” nahi du Lafraguak, “bost kontinenteetako panpinen bidez”. Horri lotuta, jendea harrituta ateratzea espero du museoko arduradunak.

Irailaren 10era arte ikusgai

Bilduma irailaren 10era arte egongo da ikusgai, asteburetan. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara  eta 16:30etatik 19:30etara. Igandean, aldiz, goizeko txanpan soilik egongo da zabalik. 

Hala ere, aukera dago ordutegi horietatik kanpo ere bisitatzeko, aldez aurretiko hitzordua hartuz. Horretarako, tlafragua@santxotena.eus helbidera mezu bat bidali edo telefonoz deitu behar da (945 396 664 / 605717857). Informazio gehiago topatu daiteke museoaren webgunean.

Xabier Santxotenaren lanaren erakusleihoa da bere abizena daraman museoa. Eskultorearen figurek osatzen dute espazioko erakusketa iraunkor bakarra, baina beste bilduma batzuen behin behineko aterpea ere bada. Jaiotzen erakusketa da horren adibide, urtero antolatzen dena, neguan. Horrez gain, aurten 62 artisten 81 margolan egon dira ikusgai, ekainera arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide