Iragan astean ekin zioten Urduñako Gaztetxearen eraikina eraisteari. Kale Zaharra itxi dute horretarako, eta aldi baterako sarbideak atondu dituzte ibilgailuentzat. Bi astez luzatuko dira eraisketa lanak, Udalak eginiko aurreikuspenen arabera.
Modu horretan, behin betiko amaiera emango zaio hamarkada oso batez hiriko gazteen gune autogestionatua izandakoari. Urduñako 14. Gazte Egunaren biharamunean okupatu zuten Gaztetxea, 2012ko udaberrian, eta segituan ekin zioten espazioa prestatzeari:
Modu horretan, hainbat eremu antolatu zituzten Gaztetxean, ohiko kontzertu aretoaz eta barraz harago: boulderra, bilera gelak, entsegu lokala... Gorabehera ugari ere izan zituzten bidean.
Indusketa arkeologikoak egin behar izan zituzten auzolanaren erdian, eraikina gune historikoan zegoelako eta bertako horma bat hiriko Erdi Aroko hesiaren parte izan zelako.
Gazte Asanbladako kideak aurek arduratu ziren arkeologoak bilatzeaz, eta emaitza interesgarriak utzi zituen ekimenak, XVII. edo XVIII. mendeko isurbide bat topatu baitzuten ikerlariek.
Jarduera ugariren aterpe ere izan zen gaztetxea hamarkada osoan. Adibide moduan, hemen ikus daitezke bertan eginiko bi kontzertu jendetsu: Itxaropen Zikina taldeak 2014an eskainitakoa eta Eskupitajo taldeak 2018an jo zuenekoa.
2021tik hutsik
Pandemiaren erdian eten zuen bere jarduna Gaztetxeak, eta ez zen berriro ireki. 2021ean jakinarazi zuten espazioa erabiltzeari utziko ziotela, eraikinak arazo estrukturalak zituelako eta bere egoerak okerrera egin zuelako. Orduz geroztik hutsik egon da espazioa.