Behargin bat hil da Aianox enpresan, "istripu ez traumatiko batean"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abe. 29a, 13:08

Aianox fabrikan jazo da ezbeharra. / Aiaraldea.eus

Goizean jazo da ezbeharra. Ertzaintza eta Larrialdi Zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin. 2020. urtean 7 aiaraldear hil dira lanean zeudela.

Langile bat hil da gaur Murgako Aianox enpresan, bihotzekoak jota. Ertzaintzak Aiaraldea Hedabideari jakinarazi dionez, eguerdian izan da ezbeharra. LAB sindikatuak gertaera salatu du sare sozialetan: "Langile bat hil da Aianox enpresan (Murga-Aiaraldean) istripu ez traumatiko batean". 

Goizeko seirak inguruan izan da heriotza, lanean zegoela. 2020. urtean 71 behargin hil direla lanean salatu du LABek

Orozkokoa da zendutakoa, eta 59 urte zituen. "Lanean sartu berritan bihotzekoak eman dio, eta lan zentroan hil da", zehaztu dute. Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin. 

7 lan heriotza, urte bakarrean

Horrenbestez, 7 dira 2020an lanean hildako aiaraldearrak:

LAB sindikatuaren oharra

LABek oharra plazaratu du gertatutakoa salatzeko. “Elkartasuna eta babesa” adierazi diete sindikatuko kideek hildakoaren senide eta lagunei, eta nabarmendu dute istripu ez-traumatikoak lan-istripuak ere direla. “Ez dira kasualitatez izaten lan orduetan, eta ez dira zorte txarraren ondorio, enpresariek esaten duten bezala. Jakina da lan baldintza txarrak, presioak eta estresa direla bihotzeko istripuak sortzen dituzten faktore nagusienetakoak”.

Mota horretako istripuen gorakada egon dela ohartarazi dute: “Istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak, bilakatu dira heriotza eragin duten lan istripuen lehenbiziko kausak. 2020 urtean hildako langileen %25 istripu ez traumatikoen ondorioz hil da”. Gauzak hala, lan istripu guztien atzean “lan baldintza eta lanaren ezaugarriak” daudela ziurtatu dute, "azpikontratazioa, erritmo azkarrak, presioa, autoritarismoa… gaixotasunak sortu eta batzuetan langileak heriotzara eramaten dituztenak”. 

Horren aurrean “bizitza eta enplegu duinen” aldeko aldarria zabaldu du sindikatuak, “lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide