Azkenean, EH Bilduk eta Aiara Batuzek udal ardurak banatuko dituzte udalerrian. Horretarako hasierako akordioa sinatu dute berriki, eta atzoko ezohiko osoko bilkurako ardura banaketan agerian geratu zen bezala.
Akordioaren arabera, talde independenteak bere gain hartuko ditu berdintasuna, migrazioa, adinekoak, hirigintza, lehen sektorea, ekonomia sustapena eta enplegua.
EH Bilduk, ordea, kultura, kirola, hezkuntza euskara, gazteria, ingurumena, mugikortasuna, funtzio publikoa, soziosanitarioa, ogasuna, kontuak eta administrazio batzarren arloak kudeatuko ditu.
Banaketa horrekin batera beste kontu batzuk zehaztu zituzten: bi taldeen arteko harremanak nola bideratu, bileren maiztasuna eta desadostasun kasuetan gatazkak nola konpondu.
Hala ere, esan bezala, hasierako adostasuna baino ez da hori eta programaren inguruko akordioak eta lehentasunezko gaiak zeintzuk izango diren finkatu behar dituzte.
Pruden Otegi, ezusteko Aiarako alkatea
Bi taldeek sinatutako agiriarekin Aiarako Udalak bizi izan duen egoera gorabeheratsua amaitutzat jo daiteke, momentuz. Izan ere, gogoratu beharra dago hauteskundeen irabazlea EAJko zerrenda izan zela. Hala ere, Gentza Alamilloren taldeak ez zuen gehiengo osoa eskuratu eta bigarren indarra Aiara Batuz izan zen.
Hori ikusita, eta herritarrek aldaketaren aldeko apustua egin zutela argudiatuta, Aiara Batuz saiatu zen bestelako gehiengoa osatzen EH Bildurekin. Edonola ere, alkateak izendatzeko egun gutxi falta zirenean, Aiara Batuzek zabaldu zuen ezinezkoa izan zela koalizioarekin akordioa lortzea.
EH Bilduk ere adierazi zuen konfiantza falta zegoela bi taldeen artean gobernua bien artean gidatzeko.
Gauzak horrela, ekainaren 17an ezustea gertatu zen alkatea hautatzeko udalbatzan. Hain zuzen, Aiara Batuzek iragarri zuen bere zerrenda aurkeztuko zuela bozketara, baina, horren alde egin ordez, Pruden Otegiren alde egin zuen, ezustean aginte makila EH Bilduri emanda. Alegia, hirugarren indarrik bozkatuenari.
Hori gertatu eta gero, EH Bilduk berak deitu zuen bilera Aiara Batuzekin, udal gobernagarritasuna bermatzeko.