Berezia izan da Luiaondoko jaien hasiera. Orain arte Gaztedi Berriako kideak arduratu dira pregoia irakurri eta suziria pizteaz, baina aurten talde berri bat batu da jaietako ekosistemara: Sakana kuadrilla. Bertako kidea den Julene Urkijo izendatu dute Jaietako dama eta, ondorioz, bera arduratu da madalenei hasiera emateaz.
Kuadrilla berria jendaurrean aurkezteko baliatu du Urkijok bere hitzartzea, baina ez horretarako bakarrik. Tarte bat hartu du Luiaondoko Administrazio Batzarreko kideei eskerrak emateko, eta aipamen berezia egin die Maite Alonso de la Vallinari eta Joseba Mirasi, "herriaren alde egiten duten lanagatik". Izan ere, bi kideek aurten utziko dute administrazio batzarra.
Horrez gain, Urkijok nabarmendu du jaietan ez dutela onartuko "eraso sexista, homofobo, arrazista ezta faxistarik".
Datorren asteartera arte luzatuko dira ospakizunak Luiaondon, makina bat ekintzekin. Hemen ikusi daiteke egitarau osoa.