Apirilean korrika jarri zituen euskarak Aiaraldeko biztanleak. Izan ere, apirilaren 6 eta 7 bitarte Korrikaren 20. edizioak eskualdea zeharkatu zuen 'BatZuk' lemapean.
Aurtengo edizioak Otxandion izan zuen abiapuntua martxoaren 30ean eta, Euskal Herria alderik alde zeharkatu ostean, Iruñean bukatu zen apirilaren 9an.
Urtarrilean egin zen publiko ibilbide zehatza eta geroztik motorrak berotzen hasi ziren Aiaraldeako herri desberdinetan. Otsailean eman zitzaion hasiera 'Korrika Kulturalari'; eta hamaika ekimen, tailer eta ikuskizun burutu ziren euskararen alde.
Aiaraldea Hedabideak Korrikari buruzko iritzi zutabeen lekuko segida jarri zuen martxan. Pariseraino heldu zen katea, bertatik, Lorea Ibañezek Frantziako hiriburuan Korrika nola bizi zuten azaldu baitzuen.
Korrika Aiaraldean
Aiaraldearrek pilak ilusioz kargatuta zituztela, lekukoak apirilaren 6an jarri zituen oinak lehendabizikoz Aiaraldean. Artziniegan egin zituen lehen kilometroak. Jendetza elkartu zen korrikalariei harrera egin eta pausoak elkarrekin egiteko asmotan. Eszena kuriosoak ere utzi zituen Artziniegako etapak, hala nola, EHBildu eta PPko zinegotziak elkarren artean lekukoa, ikurrina eta guzti, Burgoseko errepideetatik eramaten.
Artziniega igarota eskualdea ere utzi zuen atzean Korrikak, Bilbo Handian murgiltzeko. Ez zen, ordea, luzerako despedida izan, biharamunean berriz itzuli baitziren Korrikako furgoneta, korrikalari eta oihuak Barrerilla mendatean behera jarriz.
Apirilaren 7an, egunsentiarekin batera, Untzagatik sartu zen Urduñara. Auzokideak esnatu zituen hizkuntza baten aldeko mundu mailako ekimenik jendetsuenak, baina gogotsu heldu zioten lekukoari. Goizeko lanbroak irudi ikusgarriak utzi zituen.
Amurrioarrek birritan izan zuten Korrikan parte-hartzeko aukera, Aiara zeharkatu ostean Amurriora bueltatu baitziren korrikalariak. Bigarren bueltan, baina, lekukoak Baranbiora bidea hartu eta aldapa gogorrak gainditu behar izan zituzten.
Eguerdian igaro zuen Korrikak Orozko eta ziztu bizian abiatu zen Laudiora. Aretara heldu zenerako jendetza zeukan zain, gerora Laudion elkartuko zen jende uholdearen aurrekari. Azken urteetako Korrikarik jendetsuena izan da Laudiokoa.
Bazkalordurako Aiaraldeko azken kilometroetan murgilduta zegoen buru-belarri, Arrankudiaga-Zollon hain zuzen. Gauzak hala, hurrengo ediziora arte esan zion agur AEKren ekimenak eskualdeari.
Guztira eskualdeko 120 eragileren eskutik igaro zen Otxandiotik abiatutako mezua, haranean barrena. Aiaraldearren izen propioak ere sendotu ditu Korrikak: Angela Rico AEKko irakasleak furgonetan igota igaro zituen Korrikak iraun zituen bi asteak. Asier Amondo Korrikako bozeramaileak eta Urtsa Erraztik ere zapaldu zuten oholtza, azken hau omendu baitzuen lasterketak, besteak beste.
Korrika igarota ere, martxan
Korrika igarota indarberrituta atera zen euskara, eta aiaraldearren konpromiso handi zein txikiz, hizkuntzak hazten jarraitu du urtean zehar.
Irailean Laudion ospatutako Euskararen Jaian Frankismo garaian euskara babestu eta mantendu zutenen konpromisoa omendu zuten, Mertxe Escuza bezalako pertsonei zor baitzaie, egun, euskaraz hitz egiteko aukera.
Ahobiziak eta Belarriprestak
Ikasturte berriak Euskarari hegoak emateko dinamika berriak jarri zituen mahai-gainean. Horien artean hilabete oso batez Aiaraldean euskaraz bizitzeko erronka ausart bezain ederra.
Euskararen Nazioarteko Eguna mugarri, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Ahobizi eta Belarriprestak aurkeztu zituen, “hizkuntzaren armairutik” ateratzeko martxan jarritako dinamikaren protagonistak. Azaroaren 3tik abenduaren 3ra eskualdeko herri guztietan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko zuten 'ahobiziek' eta hauek entzun eta laguntzekoa, aldiz, 'belarriprestek'.
4.500 lagun batu ziren dinamikara. Hamaika ekintza burutu ziren eskualde osoan zehar: Ikastetxe askok lip-dubak grabatu zituzten, tailer ugari egin dira, kontzertuak ere bai... Zerrenda luze batek osatu dute euskara eta kanpaina beraren arnasgune izan diren ekimenak.
Ekimen nagusi gisa, abenduaren 3an Urduñan ospatu zuten Nazioarteko Euskararen Eguna. Milaka lagun elkartu ziren bertan. Hilabete oso batez euskaraz bizitzea posible dela demostratu ostean ospatzea besterik ez zen falta. Jai-giroan eman zieten eskerrak Euskalgintza Kontseiluko kideek 2.000 belarriprest eta 2.500 ahobiziei.
Urteak, ordea, albiste on gehiago utzi ditu euskararen normalizazioari begira. Orozko UEMAn, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, sartu da. UEMA osatzen duten udalerrietan euskaldunen kopuruak %70 gainditu behar du. Orozkon euskaldunak %70,92 dira, eta, aukera berri horri esker, erabileraren sustapenean jarriko dituzte indarrak udaletxetik.
Erronkaz beteriko 2018a
Indartsu hasi zuen urtea Euskarak Aiaraldean eta are indartsuago bukatu du. Datorren urteari begira erronka ausartei egin beharko die aurre, ahobizi eta belarriprest kanpaina Euskal Herri osora hedatuko baita. Asmoa 11 egunez euskaraz bizitzea ahalbidetu nahi duen ekimen nazionala gauzatzea da.
Aiaraldeak hizkuntzaren makinaria berotuta duela agurtuko du urtea, martxa hartuta aurrera egiten jarraitzea besterik ez du behar euskarak.