Tubacexeko 550 milioi euroko eskaera arriskuan dago, Donald Trumpek Iranekin akordioa apurtu eta gero

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 18a, 15:13
Tubacexen grebak egin dituzte maiatzean. / aiaraldea.eus

Jesús Esmorís Tubacex taldeko kontseilari ordezkariak azaldu du egoera kritikoa dela Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Iranekin zuen akordio nuklearra bertan behera utzi eta gero. Europak eta Estatu Batuek egoera zuzenduko ez balute, 550 milioi euroko eskaera galdu dezake enpresak eta txanda eta erdira igaro bere ekoizpena.

Gaur bilera egin dute Tubacex taldeko zuzendaritzak eta langile ordezkariek. Jesús Esmorís kontseilariak adierazi die sindikatuei une zailean dagoela enpresa Donald Trumpen erabakiaren ostean. Izan ere, Iranekin akordio nuklearra bertan behera utzi ostean, Tubacexek isunak jaso ahalko lituzke 550 milioi euroko eskaera ekoiztuko balu errepublika islamikoarentzat.

Esmorísek nabarmendu du operazioa babesten duten bazkideek eta bankuek ez dutela zigor horiek jasan nahi eta hortaz, salmenta bertan behera geratzeko arriskuan dagoela. Zuzendaritzak azpimarratu du lan handia izan dela eskaria lortzea eta horri uko eginez gero, lantegiak txanda eta erdian geratuko lirateke.

Epe ertainean hobetzeko aukera
Esmorísek aipatu du energiaren sektorea krisialdian dagoela, baina epe ertainean hobera egiteko parada sumatzen dutela. Horri esker, Irango porrota orekatzeko aukera egongo litzateke, baina ez epe motzean.

Hitzarmenaren gatazka
Zuzendaritzak ez du abagunea galdu eta lan-hitzarmenaren gatazka jarri du mahai gainean. Zuzendarien aburuz, enpresak inbertsioak egin ditu Laudio eta Amurrioko faktorietan eta proposatutako hitzarmena mesedegarria zen langileentzat. Hortaz, eurentzat ez da jasangarria 3 eguneko greba egin izana.

Bukatzeko, egoerari irtenbidea bilatzeko, malgutasuna eskatu die beharginei; epeak, kalitatea, prezioa eta zerbitzua hobetzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide