UDAKO JAIAK

Bestelako jarduera eta ekimenek hartuko dute ohiko jaien lekukoa

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 30a, 07:01

Ekitaldi kulturalak antolatzeari ekin diote Laudio eta Amurrioko udalek. / Aiaraldea.eus

Ezohiko uda izango da aurtengoa. Eskualdeko jai gehienak bertan behera geratu dira, baina bestelako ekintza eta jarduerak antolatuko dituztela jakinarazi dute zenbait udalek eta jai batzordeek. 

Nola ospatuko dira udako jaiak? Aiaraldean askotan esan da galdera hori azken hilabeteetan, baina orain arte ez da erantzun guztiz argirik egon. Hainbat herritan bertan behera utzi dituzte ospakizunak. Beste batzuetan, aldiz, ez dute oraindik erabaki zer egin. 

Gainera, festak  suspenditu dituzten herri batzuetan ekintza alternatiboak garatzeari ekin diote udal zein herritarrek. 

Laudion eta Amurrion

Laudioko eta Amurrioko udalek prentsa ohar bateratu batean eman zuten bi herrietako jaiak bertan behera uztearen erabakiaren berri. Hala ere, udako ekintzak garatzea da bien asmoa. Aurkeztu dituzte dagoeneko uztaileko programak. Zinema proiekzioak, kalejirak, kontzertuak eta bestelako kultur ekitaldiak antolatuko dituzte. Abuztuko jaietako datei begira ere hainbat gauza prestatatzen ari dira, baina momentuz ez dute gehigorik aurreratu. Horrez gain, kartel lehiaketa abiatu du Laudioko Udalak. 

Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak, bere aldetik, agerraldia egin zuen duela bi aste, jai herrikoiak antolatzeko prestutasuna erakusteko. “Hainbeste gustuko ditugun jaiak aurrera ateratzeko zuen ideiak, laguntza eta ekarpen guztiak behar ditugu. Guztion parte hartzea beharrezkoa izango da”, nabarmendu zuten orduan. 

Azaldu dutenez, formatu txikiagoko jaiak antolatu nahi dituzte, helburu nagusi batekin: Amurrioko herritarren parte hartzea sustatzea. Gauzak hala, egitaraua prestatzeko egiten ari diren bileretara bertaratzeko gonbita luzatu diete udalerriko “gazte, nagusi zein jai kuadrillei”.  

Laudioko Txosna Batzordeak ere badu egitarau berezi bat atontzeko asmoa, txosnagunea egongo ez den arren. 

Orozkon eta Artziniegan

Orozkon, aldiz, kartel lehiaketa abiatu dute, bestelako jai batzuk antolatzen hasteko lehen pauso gisa.  “Sanantolinak egoera berezian COVID-19 pandemia dela eta” izango da ekimenaren gaia, eta udalerrian erroldatutako edozein herritarrek parte hartu ahal izango du bertan. Uztailaren 17a izango da lanak entregatzeko azken eguna, eta hilaren 24an hautatuko dute kartel irabazlea. 

Artziniegan ere badute jaiak modu batean edo bestean ospatzeko asmoa, udalak jakinarazi duenez. Baina oraindik ez dute ezer finkorik zehazterik izan.

Bertan behera geratutakoak

Okondo eta Aiaran, aldiz, bertan behera geratu dira uztaila eta abuzturako aurreikusita zeuden jaiak: San Roman eta San Bartolomekoak eta Erretes, Luiaondo eta Arespalditzakoak, hurrenez hurren.  

Arrankudiaga eta Zollon

Antzekoa da Arrankudiaga-Zolloko egoera. Hiru jai ziren ospatzekoak udan: Uribarriko San Pedro jaiak, Basakoetxeko erromeria eta andramariak. Hirurak utzi dituzte bertan behera. “Iragan astean egin genuen bilera jai batzordeekin eta jaietan modu batean edo bestean parte hartzen duten eragileekin”, azaldu du Txutxi Ariznabarreta alkateak, “Andra Mariko jai batzordeak hartua zuen dagoeneko erabakia, eta guztien artean hausnartu ostean hirurak ez egitea erabaki zen”. 

Galdera ikur bakarra Zollon dago. “Bertako jaiak azaroan dira, orduan baloratuko dugu zer egin”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide