Kartzelan sartzeko arriskutik kanpo daude Tubacexeko gazte auziperatuak

Erredakzioa 2023ko abe. 11a, 18:29

Irailean egingo zuten hiru gazteen aurkako epaiketa, baina hiru hilabetez atzeratu da azkenean. / Aiaraldea.eus

Lehen gaztea absolbitu dute, bigarrenari 18 hilabeteko bi kartzela zigorrera murriztu diote eskaera fiskala eta hirugarrenak urtebeteko kartzela zigorra onartu du, hutsik zegoen freskagarri lata bat botatzeagatik. 4 urte eta 7 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zuen fiskaltzak gazte bakoitzarentzat.

Gaur izan da Tubacexeko greba mugagabetik eratorritako laugarren eta azken epaiketa. Irailean izango zen berez, baina atzeratu behar izan zuten azkenean, bi ertzain ez zirelako bertaratu "administrazio hutsegite bategatik".

Gaur, aldiz, polizia guztiak agertu dira Gasteizko Justizia Jauregian, 14 guztira, baina ez dute guztiek deklaratu. Izan ere, ertzainetako batzuk ez ziren 2021ko martxoaren 2021an Saratxoko Tubacexeko piketean egon. Aurreko gauean bertaratu ziren, langileek bidean jarritako paleak kentzera. Gauzak hala, agente-talde horretako kide bakar baten deklarazioa sartu dute epaiketan.

Gainontzeko poliziek, aldiz, ez dute bertsio bateratu bat plazaratu Tubacexeko piketean gertatutakoaren inguruan. Batzuk deklaratu dute ez zutela ezer ikusi, eta ez dute pertsona zehatzik identifikatu. Beste batzuk, aldiz, gazteen aurkako akusazioak mantendu dituzte.

Gazte bat, 36 hilabeteko kartzela zigor eskaeraren ebazpenaren zain

Bi poliziek deklaratu dute gazteetako batek objektuak bota zituela euren aurka. Gauzak hala, auziperatu horren aurkako kartzela zigorra mantendu du fiskalak, baina eskaera murriztu du. 18 hilabeteko bi kartzela zigor eskaera egin dizkiote, desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta. Hala ere, sententziaren zain geratu den arren, gaztea ez da kartzelan sartu beharko printzipioz, delituetako bat bera ere ez duelako gainditzen bi urteko zigor langa.

Barrikadara gasolina botatzea leporatzen zioten gazteetako bati, baina epaiketan argi geratu da beste pertsona bat zela hori egin zuena eta, ondorioz, karguak kendu dizkiote.

Beste gazte bat, absolbituta

Bigarren gaztea, aldiz, absolbitu egin dute. Barrikadari gasolina botatzea leporatu zion akusazioak, baina epaiketan argi geratu da hori egin zuena beste pertsona bat izan zela (irudietan identifikatu ezin izan dutena). Ondorioz, karguak erretiratu dizkiote auziperatuari.

Urtebeteko kartzela zigorra freskagarri lata huts bat botatzeagatik

Hirugarren gazteak, aldiz, urtebeteko kartzela zigorra onartu du, hutsik zegoen freskagarri lata bat botatzeagatik. Akusatuak baieztatu du lata bota zuela, baina gaineratu du lurrera erori zela, inori jo gabe. Bere aurka deklaratu duten poliziek ere onartu dute latak ez zuela inor jo.

Aiaraldea Komunikabidearen lekukotza, bertan behera

Aiaraldea Komunikabideko kide bat egon da goizean epaitegian, defentsak deituta deklaratu behar zuelako. Baina, azkenean, epaiketak hartu duen norabidea ikusita, ez dute beharrezko ikusi kazetariaren deklarazioa sartzea.

Aiaraldea Komunikabideko bi langile egon ziren 2021ko martxoaren 25ean Saratxoko poligonoan, Tubacexeko piketean gertatzen ari zena bertatik bertara kontatzen. Hemen ikusi daiteke egun horretako kronika zehatza.

4 urte eta 7 urteko kartzela zigor eskaerarekin sartu dira hiru gazteak gaur Gasteizko epaitegietan. Eurak izan dira Tubacexeko greba mugagabeagatik zigor eskaera handienak jaso dituzten pertsonak. Guztira, 7 pertsona egon dira auziperatuta 236 egunez luzatu zen lan-gatazkaren ondorioz. Lehena (Aintzane Mendia amurrioarra) absolbitu egin zuten. Bigarrenari eta hirugarrenari seina hilabeteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten, baina biek jarri dute helegitea. Laugarrenak, aldiz, akordioa lortu zuen, lau hilabeteko kartzela zigorra eta 4.980 euroko isuna onartuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide