Gaur goizean matxura berria gertatu da Renfeko C-3 linean eta Amurrio eta Urduña arteko trenen trafikoa eten dute. Gabezia horri erantzuteko autobusa kontratatu du enpresak eta 14:00ak aldera adierazi du normaltasunera itzultzen hasi dela zerbitzua.
Dena den, arratsaldeko hirurak pasata beste matxura bat gertatu da Laudioko geltokian eta trenak atzerapenarekin ari dira heltzen.
Gaurkoa ez da azken egunetan gertatu den ezbehar bakarra izan, aste honetan bigarren aldiz bertan behera geratu baita zerbitzua, astelehenean harrapaketa gertatu ondoren Bidebietan.
Edonola ere, bi udalerri horien arteko matxurak ohikoak izan dira 2023an, Saratxoko zubian konponketak egin baitzituzten. Horrek erabiltzaileen kexak sortu zituen, zerbitzua ere murriztu baitzuten.
Horri gehitu behar zaio 2020tik etengabeak direla atzerapenak eta arazoak, nahiz eta enpresak berriki neurriak hartu dituen.