Haxixa saltzea leporatuta, 18 urteko gazte bat atxilotu du Ertzaintzak eta beste bi adingabe isundu ditu kontsumitzeagatik

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 21a, 11:52

Ertzaintzak duela aste batzuk Laudioko Lamuza Parkean egindako esku hartze baten irudia. / Aiaraldea.eus

Atzo Ertzaintzak 18 urteko gaztea atxilotu zuen 50 gramo haxix edukitzeagatik, eta beste bi adingabe, berarekin zeudenak, isundu zituen drogen kontsumoagatik.

Ertzaintzak prentsa oharra zabaldu du jakinarazteko Amurrioko epaitegiaren esku utzi duela 18 urteko gazte bat, drogen salmenta leporatuta.

Zehazki, atxiloketa atzo gertatu zen eguerdian. Azken asteotan hainbat aldiz egin duten moduan, drogen kontsumoaren prebentziorako esku-hartzea egin zuen poliziak. Kasu honetan Aiaraldeko ikastetxe baten inguruetan izan zen. Lau gaztek osatzen zuten talde batengana hurbildu ziren agenteak, haxixa erretzen ari zirelako.

Gero, gazteak identifikatu eta miatu zituzten. Horren ondorioz, bi adingaberi haxixa topatu zieten eta isundu zituzten bide publikoan substantzia sorgorgarriak edukitzeagatik eta kontsumitzeagatik, Herritarren Segurtasunari buruzko Legea ('Mozal Legea') urratzea leporatuta. Horrez gain, hirugarren bat, 18 urtekoa, atxilotu zuten, 50 gramo haxix zituelako. Poliziak leporatu dio legez kanpoko substanzien salmenta.

Atxilotua Laudioko Ertzain Etxera eraman ondoren, gaur bertan utzi dute Amurrioko Epaitegiaren esku.

Aipatu beharra dago azken hilabeteetan antzeko hamaika esku-hartze egin dituela poliziak. Asteburu honetan, Orozkon eta Amurrion, pasa den ostegunean Laudion eta urtarrilean Laudioko herriguneko bi tabernatan, parkean edota ikastetxeen kanpoaldean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide