Ertzaintzak drogen salmentaren aurkako esku-hartze berria egikaritu zuen atzo Orozkoko herrigunean. Gauean gutxienez bi patruila eta bost ertzain bertaratu ziren herriguneko ostalaritza establezimendu batera eta han beharrean aritzen den pertsona bat identifikatu zuten.
Ertzaintzaren prentsa kabineteak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari ez zutela herritarra atxilotu, baina ekinbideak abiatu zituzten eta ikertzen ari dira, drogak saltzea leporatuta.
Hau ez da izan aste honetan poliziak eskualdean drogen aurka eginiko lehen operazioa. Izan ere, ostegunean zenbait gazte identifikatu zituen Laudioko Lanbide Heziketan . Urtarrilean Lamuza Parkean eta ikastetxe horretan ere aritu ziren agenteak eta herritar bat atxilotu zuten. Egun batzuk lehenago, aldiz, Laudioko herriguneko bi tabernatako 17 bezero isundu zituzten, operazio ikusgarri batean.
Ertzaintzak abiatutako presio hori ez da berria, iaz gazte lokaletan eta tabernatan sartu baitzen drogen salmenta eta kontsumoaren kontra jarduteko.