Osasun langileek eta zenbait erabiltzailek salatu dute atzo bi orduko itxaronaldiak sortu zirela Laudioko Etengabeko Arreta Gunean. Izan ere, Amurrioko larrialdietan medikurik ez dagoenez, erabiltzaile askok Laudiora jo zuten.
Egoera horren ondorioz, medikuak ohiko lana bikoiztu behar izan zuen eta gainkarga itxaronaldian islatu zen.
Osasun langileek egoeraren berri eman dute aurreikusita gaur ere atzoko gertakariak errepikatuko direla. Izan ere, ELAk salatu zuen moduan, gaur ere ez da medikurik egongo Amurrioko Etengabeko Arreta Gunean.
Bide batez, beharginek eskatu nahi izan diete erabiltzaileei ulerkorrak izatea eta euren amorrua eurekin ez deskargatzeko, ez baitira medikuen gabeziaren arduradunak.
Gatazka politikoa eta mobilizazioak
Urtarrilaren 12an David Hernandezen heriotza gertatu zenetik, Aiaraldeko osasun publikoaren egoerak herri plataformen mobilizazioak, sindikatuen salaketak eta alderdien zein erakundeen arteko gatazkak eragin ditu.