Orozkoko Udalak eguzki plakak jarri ditu eskola publikoan eta Udal Kiroldegian. 48.013,65 euroko inbertsioa egin du. Europar Batasunaren 33.075 euroko diru-laguntza izan du horretarako, autokontsumoari eta biltegiratzeari lotutako Next Generation EU programaren funtsen barruan.
Guztira, eskola eta kiroldegian panelek urtean sortuko duten energiaren %94,6a erabiliko da. Agenda 2030eko planarekin bat egiteko asmoz egin dute proiektua. Aurrerantzean, eraikin publiko gehiagotan horrelako proiektuak egiteko asmoa du Udalak.
Amurrioko Udalak ere eguzki plakak jarri ditu udako igerilekuen eraikinean, 104 guztira. Egindako inbertsioa 48.384 eurokoa izan da eta proiektuak 40.950 euroko laguntza izan du. Plaka horiekin urtean 10.000 euro aurreztuko dituztela aurreikusi dute. Kasu honetan ere, Udalak badu herriko eraikin gehiagotan autokontsumorako instalazioak jartzeko ideia.
Amurrio eta Orozkoko instalazioez gain, eskualdean badaude horrelako proiketu eta komunitate energetiko gehiago.
Autokontsumoa eskualdean
Eskualdean badaude autokontsumorako instalazioak eta horretarako proiektu gehiago. 2020. urtean Amurrioko eraikin publikoetan 70 eguzki-panel jartzeko proiektua abiatu zuten.
2021. urtean eguzki plakak instalatu ziren Urduñako pilotalekuan. Horrez gain, herri eskolan azpiegitura fotovoltaikoak jartzeko asmoa dute. Otsailean ere Laudioko institutuan 72 eguzki panel instalatu zituzten.
Horrez gain, ekainean hasi ziren Ekiola Aiara zentral fotovoltaiko kooperatiboa eraikitzen. 2025. urtean funtzionamenduan egoteko asmoa du proiektu horrek eta helburu hau du: eskualdeko herritarrak eta saltoki txikiak bazkide egitea eta autokontsumoaren bidez energia sortzea.
Halaber, eskualdean badaude energia erronkei aurre egiteko komunitate energetikoak, Laudion, Soxon eta Urduñan, besteak beste. Laudion kokatutako Faktoria ere komunitate energetikoa da. Izan ere, 2023 urtean 30 plaka fotovoltaiko instalatu ziren teilatuan, erabiltzen den energiaren erdia autokontsumoaren bidez ekoizteko.