Amurrioko Udalak ez du sorgin baten panpina erreko bihar Urrutia Jauregiko landan egingo den jaian. Virgen Niña ikastetxeko ikasleak arduratu dira aurten erreko den irudia egiteaz. Hainbat kutxaz osatutako figura da, kontzeptu ugari barnebiltzen dituena: urritasuna, alferkeria, beldurra... “Gure bizitzan egotea nahi ez dugun guztia sutan erretzea irudikatu nahi dugu” adierazi du tokiko erakundeak.
#Amurrio Virgen Niña Ikastetxeko ikasleriak egin du aurten San Joan suan erreko den irudia, tradizioa irudikatzen du, gure bizitzan egotea nahi ez dugun guztia sutan erretzea https://t.co/n07ux3jdI1 pic.twitter.com/VpNOwLnDiu
— Amurrio Udala Ayto (@AmurrioUdala) June 22, 2018
Iaz tira-bira ugari egon ziren sorgin baten figuraren erreketa dela eta. Otsemeak taldeko kideek irudia lapurtu zuten. “Ez dugu onartuko beste urte batez ere sorginak, emakumeak, herritarron aurrean inkisizioaren garaietan bezala plaza erdian erretzea”, adierazi zuten sare sozialen bidez zabaldutako mezuan. Hala ere, panpina ordu batzuk beranduago itzuli zuten, eta azkenean erre egin zuten, egitarauan zehaztu bezala.
Gertaerak hautsak harrotu zituen Amurrion eta talde feministak agerraldia egin zuen ekimena azaltzeko:
“Sorgin eguna”
Otsemeak taldeak egitarau propioa atondu du biharko. 11:00etan parkean bilduko dira sormen gunea, idazteko txokoa eta tailerrak atontzeko. Poteo musikatua egingo dute gero herritik, eta “sorgin bazkaria” egingo dute gero. Ilargiak talde akustikoak joko du bazkalostean, eta 22:30ean Akelarrea egingo dute, parkean.
Beste herrietan
Eskualdeko beste herrietan ere badago udako solstizioko suetan figurak erretzeko ohitura. Deigarria da Arakaldoko kasua. Esparteroren panpina erretzen dute bertan urtero, jeneral horren aginduz eman baitzioten su herriari Lehen Gerra Karlistan.
Laudion ere mantentzen da sorgin baten figura erretzeko ohitura. Ez da udako solstizioaren bueltan izaten, Aratusteen harira baizik, otsailean: