Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez, atzo ez zen egon medikurik Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean. Eskualdean arazo hori gehiago zabaldu zen udan, oporren ondorioz, eta ordezkoak topatzeko zailtasunagatik, baina udazkenean ere ez da guztiz konpondu.
Berez, aipatu beharra dago, gainera, Laudion ezinegona ere piztu dela, zenbait hedabidek aipatu dutenez, anbulatorioko igogailuak hainbat egunez matxuratuta egon direlako.
Osasungintza publikoaren esparruan urte latza izaten ari da 2024. Lehenik eta behin, laudioar bat hil zen urtarrilean larrialdietan medikurik ez zegoenean, baina abuztuan ere antzeko egoera gertatu zen, anbulantzia medikalizatuan medikua falta zenean, hain zuzen.
Halaber, gogoratu beharra dago ekainean familia batek istripua izan zuela gauez, Laudiotik Amurriora jo zuenean, bere herriko Etengabeko Arreta Gunean ez zegoelako medikurik.
Hori dela medio, mobilizazio ugari deitu dituzte, eta abiatu duten azken ekimena sinadura bilketa izan da, "osasun sistema publiko eta duina" exijitzeko.