"Jarrera konplizeak alboratzeko" eta indarkeriei aurre egiteko deiarekin salatu dute Amurrioko bortxaketa

Erredakzioa 2026ko abuztuaren 6a

Amurrioko Emakumeon* Sareak deituta, jende ugarik egin du bat bortxaketa bat salatzeko antolatutako mobilizazioarekin.

Juan Urrutia plazan elkartu dira dozenaka lagun gaur arratsaldean, Amurrioko Emakumeon* Sareak eginiko deialdian "aski da, nazkatuta gaude" esateko eta erasoa jasan duen emakumeari babesa adierazteko.

Irakurketan nabarmendu dutenez, "eraso bat salatu da berriro gure herrian. Emakume* batek bortxatua izan dela salatu du". Azpimarratu dutenez, indarkeria matxistak "gure bizitzak baldintzatzen ditu", eta  horregatik "aske bizitzeko" eskubidea ekarri dute lehen lerrora: "Erasoak eta bortxaketak kale ilunetan baino gehiago gertatzen dira familian, lagunartean, bikote-harremanetan... Ez dugu inolaz ere Amurrioko jaiak datozen honetan izuaren-kultura elikatu eta izuak jeiz gozatzeko dugun eskubidea izorratzea nahi, gozamena delako gure aizkorarik zorrotzena".

"Erasoak eta bortxaketak kale ilunetan baino gehiago gertatzen dira familian, lagunartean, bikote-harremanetan... Ez dugu inolaz ere Amurrioko jaiak datozen honetan izuaren-kultura elikatu eta izuak jeiz gozatzeko dugun eskubidea izorratzea nahi"

"Pasibotasun eta konplizitatea" salatuz
Mezu argia zabaldu dute Mugimendu Feministako kideek: "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu". Zentzu horretan, saretuta eta erasoak salatzeko eta erantzun kolektiboak artikulatzen jarraitzeko prest daudela berretsi dute. Erantsi dutenez, indarkeria matxista "lehen mailako arazo sozial eta politiko gisa" hartu behar da, eta horri lotuta, "egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatea" ere salatu dituzte.

Beste behin ere, eraso baten berri izanez gero Mugimendu Feministara jotzeko eskatu dute: "Erantzun kolektiboak artikulatzeko prest gaude: emakumeon sarea edo otsemeak-eko sareetara jotzen, adibidez. Gure kaleetan, familietan, lanean, lagunartean... sistematikoki ematen diren erasoen aurrean, ardurak hartzea eta posizionatzea guztion ardura da. Konponbidea ez bazara arazoa zara. Aurrekoetan esan izan dugun bezala, denok dugu erasotua izan den lagunen bat, baina inork ez dauka lagun erasotzailerik. Kontuek ez dute ematen".

"Konponbidea ez bazara arazoa zara. Aurrekoetan esan izan dugun bezala, denok dugu erasotua izan den lagunen bat, baina inork ez dauka lagun erasotzailerik. Kontuek ez dute ematen"

"Indarkeriak milaka aurpegi ditu"
Indarkeriak milaka aurpegi ditu, erantsi dutenez. Hala, azken aldiko diskurtso antiarrazistei eta bestelako eraso edo deslegitimizazioei ere egin diete keinu; jai-gune ugaritan feminismoa eta segurtasuna aitzakiatzat harturik migratzaileen aurka oldartzeko joera edo arriskuaren aurrean.

Mobilizazioaz gain, zaintza kolektibotik gozamenerako espazioak eraikitzen jarraituko dutela iragarri dute, "aliantza eta antolakuntza feminista dira gure tresnarik eraginkorrenak jaietan eta urte osoan zehar: autodefentsa, ez dugulako inork salba gaitzan nahi eta feminista, ez diegulako soilik jarrera konkretuei frenoa jarri nahi, arazoaren errora jo nahi dugulako. Zaintza kolektibotik, gozamenerako espazioak eraiki nahi ditugu".

Halaber, elkarretaratzearen amaieran aurreratu dutenez, Jai Kuadrilekin eta herriko eragileekin agerraldia egingo dute hilaren 10ean, "zaintza kolektibotik gozamenerako espazioak eraikitzen jarraitzeko, protokoloen deslegitimizazioa, feminismoaren eduki-hustuketa eta Mugimendu Feministaren domestikazio saiakera garaiotan".

Gaurkoa ez da izan aurten salatutako eraso bakarra. Urduñan maiatzean egin zen beste eraso matxista  bat salatzeko mobilizazioa, eta ekainean Amurrion beste bi emakumek salatu zuten jazarpena

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide