Euskarazko hedabideak bultzatzeko manifestua aurkeztu dute zenbait herritarrek

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mai. 1a, 21:55
Euskarazko hedabideak babesteko dinamika abiatu dute Artziniegan. / Aiaraldea.eus

"Artziniegan euskaraz bizi nahi dugu! Euskarazko hedabideak babestu eta sustatu" lemapean manifestua aurkeztu dute zenbait herritarrek. Euskararen normalizazioa lehentasuntzat hartzea eta baliabide ekonomikoak areagotzea eskatu diote udalari. Elkartasun jaia egingo dute maiatzaren 12an.

Euskarazko proiektu eta hedabideen aldeko dinamikak aurrera darrai Artziniegan. Apirileko udalbatzan erabaki zuen EAJk Aiaraldea Hedabidearekin 7 urtez izan duen hitzarmena etetea. Aurrekontuak onartzeko hori izan zen PPk jarri zion baldintza bakarra. Egoeraren aurrean Artziniegako elkarte ugarik elkartasun jaia egingo dute maiatzaren 12an. 

Hainbat eremutako herritarrek, aldiz, adierazpena osatu dute euskarazko hedabideak babestu eta Udalari hizkuntzaren normalizazioari baliabide ekonomiko gehiago bideratzea eskatzeko. Sinatzaileen artean daude Xabier Santxotena, Paki Ofizialdegi, Ramon Rey, Valentxu Campos eta Mateo Lafragua, besteak beste.  

Manifestuaren muina
Euskararen ezagutza datuen arabera, 2 urtetik gorako biztanleen herena da euskalduna Artziniegan. Duela 25 urte ez zen %10 besterik. Euskarak egindako aurrerapausoak herritarren eta eragileen lanaren isla direla nabarmendu dute adierazpenean, "nahiz eta oraindik ere lan handia falta ezagutza datuak erabilerara jauzi egin dezaten". Horregatik, beharrezkotzat jo dituzte euskara bultzatzeko tresnak eta arnasguneak Artziniegan. Zentzu horretan, udalari euskararen sustapena lehentasunen artean kokatzea eskatu diote, balibide ekonomiko gehiago bideratzea hizkuntzaren normalizaziora. Izan ere, aurten, inoiz baino diru gutxiago inbertituko du tokiko erakundeak euskara arloan, 1.8 milioi eurotik 7.175€ baino ez, %0.39.

Haatik, Aiaraldea hedabideak Artziniegan eta euskararen normalizazioan duen garrantzia eta eraginkortasuna aitortu dute adierazpenean. Udalari dagokionez, euskara lehia politiko eta alderdikoietatik kanpo uztea eskatu dute, truke txanpona ez izatea, alegia. Ildo horretatik, komunikabidearekiko elkarlan eta finantzaketa hitzarmena 2019an berrezartzea eskatu diete arduradun politikoei, "artziniegarrok euskaraz bizitzen, informatzen eta komunikatzen jarraitzeko aukera izan dezagun".

Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiei helaraziko diete eskaera, neurriak hartu ditzaten. Azkenik, datorren maiatzaren 12rako antolatu duten elkartasun jaian parte hartzeko deia luzatu diete artziniegarrei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide