Omnia bakarrik aurkeztuko da hurrengo udal-hauteskundeetara

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 18a, 12:36

Alvaro Barriosek hitz egin du prentsaurrekoan. / Aiaraldea.eus

Prentsaurrekoa eskaini dute alderdi laudioarreko kideek gaur goizean maiatzeko hauteskundeetara “loturarik gabe” aurkeztuko direla jakinarazteko.

Prentsaurrekoa eskaini du gaur Omniak, Podemosek iragan larunbatean eginiko adierazpenak direla eta. Alderdi politiko laudioarrak argi utzi du bakarrik aurkeztuko direla datorren maiatzeko udal-hauteskundeetara, “inolako loturarik gabe”.

Barriosek nabarmendu du beti lotu nahi izan dituztela beste alderdi politko batzuekin. “Hasieran, Bildu legez kanpo geratuko zen edo ez ebazteke zegoenean, Guardia Zibilak seinalatu gintuen koalizioaren zerrenda txuri bat ginelakoan”. Ondoren, EAJ edo PSErekin erlazionatu nahi izan zituztela aipatu du Omniako alkategaiak; “eta orain Podemosekin lotu nahi izan gaituzte”.

Omniako kideen ustetan, talde politiko horiek guztiek gauza bat dute komunean: “Laudion bizi ez diren eta herriagatik kezkatzen ez diren pertsonengatik kontrolatuak daudela”. Horren aurrean, Barriosek nabarmendu du Omnia ez dagoela inorengatik kontrolatua, “Laudioko bizilagunengatik baino ez, eta hori da indartsuak egiten gaituena, ezberdintzen gaituena. Ez dugu deirik jasotzen 'goikoen'  gustukoak ez diren erabakiak hartzen baditugu”.

Alderdi laudioarrak begi onez ikusi du Podemos udal-hauteskundeetara aurkeztea. “Demokrazia horretan datza, ongietorria izango da”. Era berean, oposizioan lanean jarraituko dutela aurreratu dute, alkatetza lortzen ez baldin badute. Azaldu dutenez, oraindik ez dute hauteskundeetarako hautagaien zerrenda osatu, baina nabarmendu dute garrantzitsuena ez dela nor aurkeztuko den, “atzean dagoen proiektua zein den baizik”.

Azken hilabeteetako lana hizpide
Azken hilabeteetan garatzen ari diren lana jarri du mahai gainean Barriosek. “Asanbladak, lan-taldeak, puntu parte-hartzaileak... gure lanak bere kabuz hitz egiten du. Aurten, Omnia beti izan dena izaten jarraituko du: independentea, herrikoa eta loturarik gabekoa”. Horregatik, alkatetzara iritsi behar direla nabarmendu du Alvarok, “inor ez dadin gutaz baliatu, Laudio aldatu dezakegunak herriko bizilagunak garelako eta bederatzi urte daramatzagulako lanean aukera hori irabazteko”.

Omnia ez da Podemosen adierazpenei erantzun dien talde bakarra. Amurrio Guk Bai taldeak ere prentsa-oharra plazaratu du aste honetan, hauteskundeetara euren kabuz aurkeztuko direla jakinarazteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide