Arratsaldeko seietatik gaueko hamaiketara luzatu zen atzo Arte Eman Festa Faktorian. Dozenaka lagun animatu ziren larunbat iluntzea Laudioko Industriaguneko euskararen pabiloian igarotzera, azken hilabeteetan bertan garatutako egonaldien emaitzak ikusteko.
Bederatzi sortzaile aritu dira orotara Faktorian euren sormen piezak garatzen, eta erdietsitako emaitzak jendaurrean aurkezteko baliatu zuten atzoko zita.
📸 ARGAZKIAK | Arratsaldeko seietatik gaueko hamaiketara luzatu zen atzo Arte Eman Festa @EkintzaFaktoria -n.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) November 24, 2024
Ikusi argazki galeria hemen 👉 https://t.co/JAu0h3zDst pic.twitter.com/srUlbPUkaq
Jare Prietok ireki zuen kultur jardunaldia, Gordura irakurtaldi performatiboarekin. Bere ostean iritsi zen Idoia Tapiaren txanda. Sortzaile iruindarrak Alter Nation pieza sortu du Faktorian, baina atzo ez zuen egoterik izan. Gauzak hala, bideo bat utzi zuen grabatuta, bere sorkuntza prozesuaren berri emanez.
Aitziber Duartek Naturak eskeinitakoa zeramika erakusketa aurkeztu zuen. Maria Iturubek eta Maialen Ramirezek, aldiz, Paktu bat antzerki-pieza eraman zuten oholtza gainera. Peru Galbete eta Garazi Navasek, aldiz, zoruan eskaini zuten euren saioa, ikusleez inguraturik, ahotsa eta akordeoia lanabes bakar moduan hartuz.
Ainara Bento dantzariak Zorio.ona pieza plazaratu zuen jarraian, eta Eneritz Furyak arduratu zen festari amaiera emateaz, azken astebetean Aiaraldean garatu duen ikus-entzunezko pieza proiektatuta.
Ikusleek goxo-goxo dastatu zuten bost orduko kultur tripakada, bikotxo eta txokolatez lagundurik. Antolatzaileek estrategikoki kokatu zituzten atsedenerako uneak emanaldi batetik bestera, eta solasaldi txikiak ere tartekatu zituzten sortzaileekin. Modu horretan, lagunarteko giroa sortu zen Faktorian, artisten eta publikoaren arteko konplizitate handiarekin.