Guardianek Laudioko lantegiaren ibilbidea apirilean amaitutzat jo bazuen ere, galdera asko geratu dira airean azpiegiturari dagokionez. Izan ere, azalera handiko fabrikak hutsune nabarmena utzi du herrigunean eta Arabako Foru Aldundiak urratsak ematen ari zirela aipatu badu ere, oraindik ez da ezer zehaztu.
Momentuz, ziurtatu daitekeena da Guardianek bi langile dituela barruan lehengaiak eta hondakinak ateratzen eta taldeko beste zentroetara bideratzen berrerabili daitezkeen elementuak. Euren kontratua 2026ko maiatzera arte luzatuko da, gutxienez.
Gauzak horrela, multinazionalak premia handia erakutsi zuen labea suntsitu eta 171 behargin kaleratzeko, baina geroko erabakiak ez dituzte aparteko abiaduran hartu. Izan ere, urtarrilaren amaieran adierazi zuen konpainiak Villosa izandako faktoria itxiko zuela eta hilabete gutxitan burutu zuen bere plana. Hori eginda, ez dirudi konpainiak presa berezirik duen argitzeko zer gertatuko den herrian dituen 30 hektareekin.