Abendu-urtarrileko oporraldian eraitsiko dute Laudio Goikoako kiroldegi zaharra, egitura arazoak direla eta. Alboan dagoen estalki txiki bat ere kenduko dute, amiantoa duelako.
Berez, bi lan horiek udako oporraldian egingo zituzten, baina atzeratu behar izan dute, horretarako hautatutako enpresak uko egin ziolako lanak egiteari. Hala azaldu du Ainize Gastaka alkateak Azalera podcastean, obraren ardura berez Jaurlaritzarena den arren.
Ikasturte hasieran garraio zerbitzuarekin egondako arazoak ere aipatu zituen tokiko gobernuburuak, berak dakiela konponduta daudela azalduta.
Kiroldegi zaharrak hutsik egon zen denbora tarte handi batez, eta Kirikiño aisialdi taldearen Basoa proiektuaren parte izan da azken urteetan.
ELA sindikatuak iragan ikasturtearen amaieran salatu zuen Laudio Goikoa ikastetxeak amianto eta segurtasun arazo larriak dituela eta osasun prebentziorako neurriak hartu behar direla bertan. Garai berean protestak egon ziren gurasoen aldetik, ikastetxea ixteko Hezkuntza Sailak zituen asmoen harira.