Hiltegi zaharrean bizi den jendea kaleratzea eskatu dio Omniak Udalari

Aitor Aspuru Saez

Hiltegiak urteak eman ditu hutsik. / Aiaraldea.eus

Alderdi independenteak azaldu du eraikin publikoa berreskuratzeko tresnak baliatu behar dituela tokiko erakundeak, "eta zergatik ez, kalean egon daitezkeen pertsonentzako alternatiba sozialak kontuan hartuta".

Omnia alderdiak oharra zabaldu du Laudioko Udalari eskatzeko Aretako hiltegi zaharra okupatu duen jendea bertatik botatzea. "Gobernu taldeari eskatzen diogu premiaz martxan jar ditzala hiltegi zaharra husteko behar diren neurriak", adierazi du.

Berez, taldeak onartu du egoera horren atzean "arreta eta sentsibilitatea eskatzen duten errealitate pertsonal eta sozial konplexuak daudela", baina gaineratu du "bizilagunek lasai eta seguru bizitzeko eskubidea dutela".

Izan ere, Omniarentzat "gizarte-kalteberatasunari arreta ematea eta herritarren segurtasuna bermatzea ez dira helburu bateraezinak. Erakundeek bi errealitate horiei erantzun behar diete, laguntza behar dutenei eta bizikidetza-arazoen ondorioak pairatzen dituztenei".

Omnia ez da ideia hau mahairatzen duen lehen alderdia, EAJk ere behin baino gehiagotan eraman baitu gaia udalbatzara.

Latiorroko gertakaria

Alderdiak eskaera plazaratu du Latiorro auzunean izandako sutearen ondoren. Taldearen iritziz, espazio pribatuetan okupazioak jazotzen direnean, Udalak ezer gutxi egin dezake, baina "ezin die muzin egin egoera horiek bizilagunen ingurunean, bizikidetzan eta segurtasunean sortzen dituzten arazoei".

Horregatik, jabego publikoko eraikinean esku-hartzea zuzenagoa izan daitekeenez, Omniak exijitu dio tokiko gobernuari tresna guztiak aktibatzea.

Berez, ez da lehen aldia oposizioak ideia hori mahairatzen duela, EAJk ere behin baino gehiagotan eraman baitu gaia udalbatzara.

Kale egoeran dagoen jendea eta okupazioa

Kale egoeran bizi diren herritarren fenomenoa ez da berria eskualdean, baina azken bi urteetan nabarmen bistaratu da, askok abandonaturik dauden eraikinetan bizitzeari ekin baitiote, nahiz eta baldintza duinak ez izan.

Datu ofizialei dagokienez, Laudion 15 pertsona zenbatu ziren kale egoeran bizitzen 2024an eginiko zenbaketan, bi urte lehenago bat bera ere ez zegoen bitartean. Baina kopuru hori nabarmen hazi da ordutik hona. Ondo Etorri elkarteak, adibidez, 40-50 pertsona ingururi eskaintzen die arreta Laudion astero.

C-3 lineako zenbait herritan agertu den errealitate horren atzean dago, besteak beste, Bilboko Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua kolapsatu dela. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarte bilbotarrak azaldu duenez, kalean bizi diren herritarrek (maiz migratuak) kasurik onenean hiru hilabete itxaron behar izaten dute jantoki txartel bat lortzeko, eta urtebete inguru aterpetxe batean lekua izateko.

Egoera horren aurrean, askok eskualdera jo dute trena baliatuta, aterpe bila gutxienez, okupazioaren bidea hartuta bada ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide