Goiz berezia izan dute Okondon, jaiek jendez gainezka utzi baitute plaza. Lehenik eta behin, paella txapelketaren txanda izan da eta herritar ugarik hartu dituzte sukaldatzeko tresnak eta parranda gogoak.
38 paella aurkeztu eta eremua atondu eta gero, Aimar Garcia Navarro pregoilaria bilakatu da protagonista. Okondoko Udalak goraipatu du break dance-ari esker herriko izena hainbat herrialdetan zabaldu duela eta azpimarratu dute ahaleginari esker Espainiako 6. postua lortu duela diziplina horretan. Horrek aukera eman dio errendimendu altuko zentro batean entrenatzeko.
Halaber, tokiko erakundeak ez du ahaztu suhiltzaile izateko ikasten ari dela eta iaz baso suhiltzaile gisa gertakari larrietan ibili zela, Aranjuezen kasu.
Txalo zaparrada handiak jaso ondoren, pregoilariak berak hartu du mikrofonoa eta eskerrak eman dizkie bere gurasoei, beti babestu izanagatik. Horrez gain, Okondoko gazteenak animatu ditu euren ametsak jarraitzen, lan eginda egi bilakatu daitezke eta.
Entrenatzeko bere lonja utzi zion bizilaguna ere oroitu du Aimar Garcia Navarrok eta hitz politak izan ditu ere Iraitzentzat. Iaz zendu zen bere adiskidea eta euren artean ez egon arren, Aimarrek ziurtatu du berarekin egongo dela betirako.
Gaur 19:00etan break dantzariak erakustaldia egingo du herrian eta tailerra ere eskainiko du.