Zea Maysen rocka eta Henry Mendezen doinu latindarrak egongo dira Orozkoko jaietan

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 28a

Rozalenekin batera grabaketa egin zuen Zea Mays taldeak Orozkon.

Irailaren 4an eta 5ean izango dira kontzertuak sanantolinetan. 

Aingeru Olaguenaga Orozkoko zinegotziak gaur aurreratu du Azalera podcastean bi kontzertu berezi izango dituztela aurten San Antolin jaietan. Jai batzordeak hautatu ditu emanaldiak. Henry Mendezek joko du irailaren 4an, Berakatz Egunean. Aldiz, hurrengo egunean, zapatuan, Zea Maysek hartuko du oholtza.

Orozkoko Udaleko ordezkariak azpimarratu du azken urteetan asmoa izan dutela Zea Mays ekartzeko, baina gauza batzuk edo besteak direla medio,  ezin izan dutela. "Euskal Herriko talde inportante eta polita da eta arantza bat kendu dugu, legealdia amaitu baino lehen kontratatuta", azaldu du Olaguenagak.

Taldea disko berriaren sorkuntza prozesuan buru-belarri sartuta dago. Londresen aritu dira horretarako eta Bilbon ere grabaketa saioa egin dute. Gainera, Artiñano Etxean ere grabazioa egin zuten bilbotarrek 2022an.

Henry Mendez, apustu ezberdina

Euskal rockaren doinuetatik oso urrun, Sanantolinetako Jai Batzordeak Henry Mendez Dominikar Errepublikako artista aukeratu du Berakatz Egunean jotzeko. Barikuan, hortaz, erritmo latindarrek hartuko dute protagonismoa. 

Mendez ezaguna da Bizkaian Athletic Clubeko ospakizunetan parte hartu duelako, bai Sevillako Athletic Hirian zein Errege Kopako garaipen festan. Zinegotziak espero du harrera ona izatea musikariak.

Edonola ere, gogoratu beharra dago iraileko jaiak heldu baino lehen hainbat hitzordu egongo direla herrian, larunbat honetako azokatik hasita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide