Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Murgako Aianox enpresako beharginek, iragan abenduaren 29an zendu zen lankidea gogora ekartzeko.
Jose Antonio Lasak, 59 urteko orozkoarrak, bihotzekoak jota galdu zuen bizia, lanera sartu berri zela. Aianoxeko Enpresa Batzordeko kideek “Jose Antonio Lasa gogoan” zioen pankarta bat eutsi dute, zendutako langilearen omenez egindako elkarretaratzean.
Heriotza ez traumatikoen gorakada
LAB sindikatuak ohar bidez salatu zuen Aianoxeko langilearen heriotza, istripu ez-traumatikoak ere lan-istripuak direla nabarmenduz: “Ez dira kasualitatez izaten lan orduetan, eta ez dira zorte txarraren ondorio, enpresariek esaten duten bezala. Jakina da lan baldintza txarrak, presioak eta estresa direla bihotzeko istripuak sortzen dituzten faktore nagusienetakoak”.
2020an Euskal Herrian lanean egondako heriotzen %25 istripu ez-traumatikoen ondorioz izan da, iktusak edota bihotzekoak lanean hiltzeko arrazoi nagusiak bilakatuz
7 hildako 2020an
Lanean hildako 7 beharginekin itxi du Aiaraldeak 2020. urtea. Hurrengoak dira gainerako lan heriotzak:
- Otsailaren hasieran Galdakaoko GHI Hornos Industriales enpresan beste pertsona batek galdu zuen bizia lanean.
- Otsailaren amaieran Murgako Zorroza Gestión de Residuos enpresan gazte senegaldar bat hil zen.
- Apirilaren 16an Arrigorriagako Talleres Berasategui enpresan Laudioko beste bizilagun batek bere lanpostuan galdu zuen bizia.
- Maiatzaren 5ean Laudioko Forestales Frías enpresarentzat baso lanetan ari zen behargin bati pinu bat erori zitzaion gainean.
- Urrian Delikako txakolindegian erorketa baten ondorioz beste behargin bat hil zen.
- Abenduaren 16an Saratxoko saihesbideko obretan langile bat zendu zen.