ARGAZKI KRONIKA

Dantza plaza eta odoloste janarekin bukatu dute Aiarako jaietako txanpa nagusia

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko api. 25a, 07:29

Ostiraletik igandera ospatu dituzte Aiarako jaien egun nagusiak. Igande morea izan zen atzokoa, eta dantza plaza zein odoloste janarekin eman zioten amaiera asteburuari.

Giro ederrean bukatu dute Aiarako jaien txanpa nagusia. Ostiralean izan zen txupinazoa, eta festa lehertu da geroztik. Igandean bukatu zen txanpa nagusia, baina apirilaren 28an emango diete amaiera aurtengo sanprudentzio jaiei. Arespalditzan izan dira ekintza gehienak, artzain txakur txapelketa salbu. Hala, herriko plazan kokatu dute karpa eta txosnagunea, eta orotariko ekintzak egon dira egun hauetan.

Esate baterako, ostiralean, Aiara Dantza taldearen emanaldia izan zen nagusi, kontzertuek lekukoa hartu zioten arte. Larunbat goizean, berriz, txikien duatloia antolatu zuen Iñaki Isasi taldeak, eta haur zein guraso ugari bertaratu ziren kirolaz gozatzera. Txirrindularitza lasterketa ere burutu zuten arratsaldean.

Ildo beretik, egun osoan zehar jolas parkea izan zuten umeek Arespalditzako pista estalian, eta Xaiborren dantza saioak girotu zuen txosnagunea ondoren. Horrez gain, ihes gela bilakatu dute karabana bat, Aiarako Emakumeen Gelaren aurrean; eta barrakak ere ez dira falta izan. 

Domekan, ostera, 'Igande morea' antolatu zuten lehenbizikoz. Batetik, emakumeen herri kirolen erakustaldia eta txapelketa ekarri zuten erdigunera. Bestetik batukada feministaren tailerreko andreek kalejira egin zuten herrian barrena. Yogurinha Borovaren ikuskizunak eta dantza-plazak mantendu zuten pizturik igande arratsaldea, karpa bete jende bertaratu zen erromeriaz eta euskal dantzez gozatzera. Asteburuari itxiera emateko, berriz, odolosteak banatu zituzten hurbildutakoen artean.

Ostegunean, apirilaren 28an, bukatuko dira 2022ko Aiarako jaiak. Alabaina, ekintza ugari dituzte aurretik oraindik: 10:30ean kalejira egongo da, 11:00etan azoka, 12:00etan meza, 12:30ean Hitzalde abesbatza eta 13:00etan Etxaurren Ikastolako danborrada. Arratsaldean, berriz, pilota jaialdia (18:00-20:00) eta Puro Relajoren kontzertua (19:00) edukiko dituzte zain aiaraldearrek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide