Maitane Perez Gomezek hartuko du bere gain San Prudentzio jaietako pregoia irakurtzea eta txupinazoa jaurtitzea apirilaren 24an. Hautaketa Udalak abiatutako parte hartze prozesuaren ondorioa izan da, tokiko erakundeak eskatu baitzien herritarrei proposatzeko emakume bat eginkizun hori betetzeko.
Irakaslea ogibidez, Maitane Perez Gomezek lau liburu argitaratu ditu bi urte eskasetan. Bere lehenengo lana, Haizene eta oroitzapenen magia haur literatura da eta bere helburua izan zen bere alabari laguntzea dolua gainditzen.
Bere bigarren izenburua Aialur Maroñoko sekretua izan zen, non fantasia Aiarako herri horretara eraman zuen. Hurrengo lanak, Amar, arder y repetir eta Cuando el bosque recuerde, aldiz, helduen literaturan zentratuta daude. Lehenengoa harreman toxikoei buruzko hausnarketa da eta bigarrenean thrillerra landu zuen, euskal mitologiaz zipriztinduta.
Berez, egilea amurrioarra da jatorriz, baina nerabezaroan Aiarara joan zen bizitzera eta han errotu da. Izan ere, bere literaturan udalerria eta euskal kulturak pisu handia daukate, bere bigarren liburuak agerian utzi duen moduan.
Bere burua irakasle eta amatzat jo arren, idazle moduan urratsak egin ditu eta Euskadi Literatura Sariko epaimahaian aritu da. Hala kontatu zion esperientzia hori Aiaraldea Komunikabideari: "Euskal Idazleen Elkarteko kide egin nintzen, eta, horri esker, aurtengo Euskadi Literatura Sarien epaimahaian elkartearen ordezkari gisa parte hartu ahal izan dut. Plazer handia izan da esperientzia hau euskal literaturako adituekin (Patxi Zubizarreta, Pello Otxoteko, Danele Sarriugarte eta Alex Gurrutxaga) partekatzea. Asko ikasi eta gozatu dut prozesuaz. Hasieran 'beldurra' ematen zidan sortzen ari den idazle gisa, nire iritzi eta iradokizunak ematea, baina oso esperientzia aberasgarria izan da eta oso eskertuta sentitzen naiz hain maila handiko ingurune batean parte hartu izanagatik".