Aiaraldear ugari lanera itzuli beharko dira gaur

Txabi Alvarado Bañares 2020ko api. 14a, 06:00

Tubos Reunidoseko langile bat, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Tubacexeko langileak gaur goizean itzuli dira lanera, zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espediente bat negoziatzen hasteko asmoa duen arren bihar.

Gaur asteartea da, baina astelehena izango da eskualdeko langile askorentzat, lanera itzuli beharko baitira berriz, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi baitu funtsezkoak ez diren jarduerak geratzeko agindua.

Martxoaren 29an atera zuten hori arautzen zuen dekretua. Dekretu horrek ez zuen jarduera industriala funtsezkotzat hartzen.

Gauzak hala, eskualdeko zenbait enpresek ateak ixteko hautua hartu zuten biharamunean (Tubacex, kasu). Hurrengo egunetan, aldiz, hainbat elkarrizketa eta adierazpen gurutzatu egon ziren Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean, eta zirrikitu batzuk ireki ziren.

Madrilek adierazi zuen jarduera industriala baimendu egingo zuela zenbait kasutan: enpresen salmentak esportazioan oinarritzen zirenean eta jardueraren etetearen ondorioz “merkatua galtzeko arriskua” zutenean.

Enpresa ugari ez dira itxi ere egin
Zirrikitu horiek baliatuta, Aiaraldeko lantegi ugarik erabaki zuten ateak irekita mantentzea. ELA eta LAB sindikatuek honako hauek zerrendatu zituzten: Gometegui, Aianox, Nubiola-Ferro, Castinox, Hormecal, Aiala Vidrio, Tubos Reunidos, Maderas de Llodio, Faesnor, Abiega, Artiach, Garobel, Abasolo eta Tubacex.

Azken enpresa honen kasua bereziki esanguratsua da, iritziz behin baino gehiagotan aldatu baitu. Dekretua argitaratzera itxaron ordez, lanera joateko esan zien langileei.

Ondoren, dekretua argitaratu zenean, lantegietara ez gerturatzeko deia luzatu zien zuzendaritzak beharginei, gaueko hamabiak pasata. Handik egun batera, baina, iritziz aldatu zuen berriz, eta ekoizpena berriz abiatuko zuela jakinarazi zuen, %60-80 artean mantenduta. Sindikatuek lan ikuskaritzan salatu zuten egoera:

Hala ere, Osalanen ikuskaritzak etenda daude martxoaren 16tik, istripu kasuetan salbu, Argia hedabideak zabaldutako informazioaren arabera.

Gauzak hala, gaur lanera itzuli behar izan dira Tubacexeko langileak, goizeko txandatik hasita. Dena den, zuzendaritzak sindikatuekin bildu nahi du bihar, enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientearen aukeraren inguruan hitz egiteko.

Espedienteak mahai gainean
Espedientea ezarriko balu, eskualdeko beste enpresa handi batzuen bidea jarraituko luke Tubacexek: hainbat lantegik hartu duten enplegua murrizteko hautua.

Tubos Reunidosen, adibidez, 759 langileren kontratuak eten ditu zuzendaritzak uztailaren 9ra arte, eta sindikatuekin adostasunik lortu gabe. Egun horretara arte iraungo du baita ere Guardian enpresak ezarritako espedienteak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide