ANALISIA

Harsco Murgan: Aiarako proiektu energetikoen bonbardaketa azaltzeko falta zen pieza?

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 29a, 16:00

Arantxa Tapiak Harscoren egitasmoa aipatu zuen azaroan. / Eusko Jaurlaritza

Harsco multinazionalak ekin dio bere lantegi berria eraikitzeari Murgan Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta hori izan daiteke gakoa azaltzeko zergatik sortu nahi dituzten horrenbeste energia proiektu Aiaran. Multinazional horren beharrak asetzeko izango dira inguruko zentral fotovoltaikoak eta eolikoak?

Urtarrilaren 8an hasi zituzten Murgako industriagunean obrak Harsco multinazionalak bere lantegi berria eraiki dezan. Zalaparta gehiegi egin gabe abiatu duten egitasmoa, aldiz, sona gehiago izan duen afera azaltzeko gakoa izan daiteke.

Izan ere, udaberrian jakin izan genuen Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarria sortzeko hogei proiektu aurreikusi dituela eskualdean Energia Berriztagarrien Sektoreko Lurralde Planaren barruan, eta horrek ez duela esan nahi gehiago egongo ez direnik. Horren adibidea gaur bertan heldu da, enpresa batek Aiara eta Okondo artean Las Americas 20 zentral eolikoa instalatu nahi du eta.

Azpiegitura bonbardaketa horretan, deigarria zen Aiarak eta inguru gertuek metatutako egitasmo kopurua. Gatazka ez zen guztiz berria, Olabezarren ezezkoa eman baitzioten Euskal Energia Erakundeak proposatutako iniziatiba fotovoltaikoari.

Harscoren agerpenak lagundu dezake azaltzen zergatik Eusko Jaurlaritzak erabaki duen Aiaran proiektu energetiko ugari instalatzea: multinazionalari energia merkea eskaintzeko

Gauzak horrela, aiarar askok beren buruei galdetzen zieten zergatik proiektu ugari horiek euren udalerrian hartuko duten lurra. Espekulazioak ez dira falta izan: han dagoen transformadorea, industriaguneko enpresa batzuen eskaera...

Baina Harsco multinazionala izan daiteke erantzuna. Berari eskaintzea energia iturri berriztagarri eta merkea, bere ekoasfaltoa (Sidenor edota Arcelor Mittaletik ateratako hondakinekin eginikoa) berdeagoa izan dadin. Bide batez, Harscorentzat Murgako proiektua aitzindaria izango da, eta ondo joanez gero, gehiago irekiko lituzke beste herrialde batzuetan (negozio borobila).

Mugimendu isolaturik ez

Gauzak horrela, Arantxa Tapia Ekonomia Sustapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak sustatutako ekimena dela jakinda, azken urteotan ehundu duen trantsizio energetikoaren testuinguruan kokatu behar da Harsco multinazionalaren agerpena Aiaran.

Hain zuzen, EAJko ekonomiako buruak klima aldaketaren kontrako borroka bilakatu du ez kapitalismoaren (hau da, arazoa sortu duen sistemaren) paradigmaren aldaketarako tresna, baizik eta puntu honetara eraman gaituen ereduaren larriagotze prozesu; boterearen eta erabakimen gaitasunaren zentralizazioa eraginez, diru publikoaren eta ondasun publikoen desbideraketa eginez enpresa handietara edota garanpenkeria sustatuz.

Tapia Legea

Lehenik eta behin, Sailburuak sektore batzuek bere izenarekin bataiatu duten araua sortu zuen, hau da, Tapia Legea. Eusko Legebiltzarrak onartutako lege horrek eskumenak ematen dizkio Eusko Jaurlaritzari "interes publikoko proiektuak" hautatzeko eta beren garrantzi estrategikoa baliatuta, tokiko erakundeei (Foru Aldundiak, Udalak edota kontzejuak) erabakitzeko eskubidea kentzeko.

Modu horretan, Frackingaren aurkako mugimenduak sortutako oposizioa berriro ez zela errepikatuko ziurtatu nahi izan zuen Tapiak, kasu horretan Udalen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak ez zituelako berak sustatutako ekimenak ahalbidetzen.

Energia Berriztagarrien Sektoreko Lurralde Plana

Multinazionaletan eta kapital pribatuan oinarritutako trantsizio energetikoaren hurrengo urratsa izan da Energia Berriztagarrien Sektoreko Lurralde Plana. Zarata handia egin gabe eta udal hauteskundeen atarian argitaratuta, planak ez zuen ikusgarritasun berezirik erakarri, nahiz eta hil ala biziko dokumentua den lurralde antolaketarako.

Hautatutako unea ez zen kasualitatea izan. Hain zuzen, udal hauteskundeen atarian. Horrek esan nahi zuen udal gobernu talde berriak bere karguak hartu arte, tokiko erakundeek funtzioetan lan egiten zutela eta hauek ezin zuten eguneroko jardueratik kanpo zeuden erabakiak hartu. Adibidez, ezin zioten helegiterik jarri Energia Berriztagarrien Sektoreko Lurralde Planari.

Harscoren jokaldia beste mugimenduetara lotuta dago: Tapia Legea, Energia Berriztagarrien Sektore Plana eta Hondakinak Prebenitzeko 2030 Plana

Ondorioz, ekainaren erdialdean sartutako alkate eta zinegotziek korrika eta presaka egin behar izan zioten aurre dokumentu mardulari, uztailean bertan helegiteak egiteko. Erlojupean egindako ariketa hori, dena den, antzua izan da. 

Ekonomia Sustapenerako, Ingurumen eta Jasangarritasun sailak "istripuz" argitaratu zituen helegiteen erantzunak (agiria desargitaratu zuen gero, ustez datu pribatuak agertzen zirelako). Plazaratutako datu apur horietan bistakoa zen Eusko Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartu Udalek, Foru Aldundiek, herritarrek eurek edota kontzejuek landutako argudioak. Adibidez, Aiaraldean Ganekogortako eolikoetatik Aiarako fotovoltaikoetara ez dute koma bat bera aldatu emandako erantzunetan.

Helegiteen erantzunen desagerpena aski susmagarria bada ere hauteskundeen atarian, itxaron beharko dugu jakiteko zer adieraziko duen erakundeak aferari buruz.

Harscoren agerpena Murgan

Zurrunbilo horren erdian, bat-batean, Murgako industria poligonoan abiatu dituzte Harsco konpainiaren obrak ekoasfaltoa ekoiztuko duen azpiegitura eraikitzeko.

Bat-batean hori, edonola ere, guztiz ironikoa da. Harscoren ezarpena ez da kasualitatea, ezta azken hilabeteko kontua ere. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak aspaldi mamitutako egitasmoa da, Hondakinak Murrizteko 2030 Planaren barruan.

Iazko azaroan Jaurlaritzak berak hala adierazi zuen: "2021az geroztik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 31,2 milioi euro bideratu ditu isurpenak ahalik eta gehien murrizteko eta hondakinen berrerabilera sustatzeko bigarren mailako material gisa, eta, horretarako, ekonomia zirkularreko eta hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko proiektuak babestu dituela euskal enpresa eta administrazio publikoetan. Laguntza horiek Hondakinen Prebentzio Planarekin gauzatzea aurreikusita dauzkan 97 milioi euroen parte dira, zeinak hemendik 2030era bitartean egikarituko baitira".

Multinazionalei erraztasun eta diru publikoa ematen zaien bitartean, zerbitzu publikoak (Osakidetza, Renfe) gainbeheran daude Aiaraldean

Zehazki, 2022tik aurrera hondakin-korronte nagusietara bideratutako 11 balorizazio-instalazio sortzeko baimena eman eta izapideak hasi zituen Arantxa Tapiaren Sailak, eta horietako bat Harsco altzairu ekoizle eta hornitzaile mastodontikoarena izan da.

Segada ixten

Egitasmo horiek guztiak, bistakoa da, lotuta daude. Energia Berriztagarrien Planak, Tapia Legeak, eta Hondakindak Prebenitzeko 2030 Planak iniziatiba berari erantzuten diote eta, tamalez, ez da herritarren ezta ingurumenaren mesederako. 

Argi eta gordin esanda, Energia Berriztagarrien Planak aurreikusi du herritarrei eta erakunde publikoei lursailak kentzea enpresa pribatuek euren negozioak instalatu ditzaten. Tapia Legeak tokiko erakundeei lapurtu dizkie eskumenak erabakitzeko zer eraiki ahal den eta zer ez euren lurraldean eta Hondakinak Prebenitzeko 2030 Planak diru publikoa bideratu du multinazional erraldoia Aiaraldera erakartzeko.

Multinazionalen eragina Aiaraldean

Harsco Murgan agertzea albiste ona da jende askorentzat. Nola ez, munduko enpresa handienetako batek bere jarduera hona ekartzean enplegua sortuko du. Arazoa da multinazionalen alde iluna geroz eta argiago islatzen dela Aiaraldean: Tubacexeko kaleratze jendetsuen saiakera, Aiala Vidrioko enplegu suntsipena, Guardianeko jokaldi zikina Glavistarekin edota Tubos Reunidosen porrota, diru publikoarekin zuzendu dena.

Bestalde, hipotesi hutsa baino ez bada ere, altzairutegietatik ateratako hondakinekin lan egingo du Harscok. Eta nortzuk dituzte azpiegitura horiek eskualdean? Hala da: Tubacexek eta Tubos Reunidosek.

Eurei dirulaguntza ugari eta kredituak eskaini zaizkie, baina Glavistari, aldiz, inork ez dio ezer eman.

Trantsizio energetikoa

Dudarik gabe, trantsizio energetikoa premiazkoa da. Are gehiago, premia zen aspaldi, baina enpresa handiek negozioa ikusi arte ez da horren garrantzitsua izan gobernuen erabakietan. Kontua da nola egikaritzen den trantsizioa eta zein irizpideren barruan.

Trantsizio energetikoa premiazkoa da, baina kontua da zer nolako eredua bultzatzen den horrekin

Jakin badakigu egungo kontsumo maila ezingo dela mantendu betirako, energia merkea desagertzeko bidean baitago eta hori ukatzea akats larria da. 

Paradigma dramatiko horren aurrean, betiko ereduaren alde egin daiteke apustua, hondamendira bidali gaituena: multinazionalak, azpiegitura handiak, kolonialismo energetikoa, bitarteko publikoen harrapaketa, kontsumoaren etengabeko hazkundea... Edo bestelako eredu batera hasi gaitezke biratzen: tokikotasuna eta elkarlan kolektiboa ardatz dituena eta apurka-apurka beharrak moldatuko dituena energia kontsumora. Orduener edota Sojoko kontzejua hasi dira euren komunitate energetikoak sortzen, nahikoak ez diren arren, jakina.

Baina bat-batean ingurumena eta paisaia zentral eolikoekin eta fotovoltaikoekin betetzea, enpresa gutxiren mesederako eta herritarren erabakitzeko eskumena zapalduta, ezin da erantzuna izan.

Alegia, multinazionalek Hego Ameriketan, Afrikan edota Ekialde Hurbilean eratu duten esplotazio sistema gure etxera ekartzea baino ez da hori, non eta Aiaraldean, non egoera sozioekonomikoa gero eta larriagoa den eta non oinarrizko zerbitzuek (Osakidetza, Renfe...) gabezia geroz eta nabarmenak erakusten dituzten. Ez litzateke zentzudunaga izango hara bideratzea gastu publikoa eta ez multinazionalen sarea indartzera?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide