Laudioko anbulatorio berriaren atera eraman dituzte osasun sistema publiko eta duinaren aldeko aldarriak. Dozenaka lagun bildu ziren bertan atzo eguerdian SOS Aiaraldean deitutako agerraldian, Arartekoaren partetik jasotako erantzuna baloratzeko.
Azken urteetan emandako urratsen kronologia kontatu zuten bertan. Azaldu zutenez, urteak daramatzate “kezkatuta Osakidetzaren egoera orokorrarekin”. Baina 2024. urtea jarri zuten mugarri moduan, urte horretan “agerian” geratu zelako “Aiaraldean modu berezian jasaten ari zen okertzea”. Hain zuzen, gogora ekarri zuten urte hartan herritar bat zendu zela Laudioko Etengabeko Arreta Gunean medikurik ez zegoen une batean, eta handik hilabete batzuetara antzeko egoera bat jazo zela anbulantzia zerbitzuetan.
Azaldu zutenez, “eskualde gisa” mobilizatu ziren orduan, erreklamazio kanpaina abiatu zuten, mozioak aurkeztu zituzten eskualdeko Udaletan, eta testuinguru horretan abiatu zuten baita Osakidetzari zuzendutako sinadura kanpaina ere, 5.646 bizilagunen atxikimendua lortuta orotara.
Lau gauza eskatu zituzten sinadura bilketa horrekin:
- Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetako ordutegi eta txanda guztietan bermatzea beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun profesionalak, baita medikuak ere. Era berean, eskualdean dauden Osakidetzako gainerako azpiegituretan ere behar diren giza baliabide guztiak uneoro bermatzea.
- Laudioko anbulantzia medikalizatuko (SVA) txanda guztietan beharrezkoak diren osasun profesional guztiak bermatzea, medikuak barne.
- Osakidetzaren oinarrizko asistentzia-zerbitzuak bermatzea, herritarrok zerbitzu horietarako eskubidea baitugu.
- Buru Osasunerako Zentroko arreta arina izatea, psikiatra zein psikologoagatik artatuak izateko itxaron zerrendak murriztuz. Buru osasun arazoak dituzten pertsonek eskubidea baitute kalitatezko arreta jasotzeko.
2024ko abenduan entregatu zituzten sinadura horiek Osakidetzako zerbitzu zentraletan, Gasteizen. Baina ordutik hona Osakidetzak ez die modu zuzenean erantzun. Euren hitzetan, osasun erakundea Arartekoaren bidez erantzutera mugatu da. Izan ere, sinadura bilketaren sustatzaileek bi aldiz jarri dute kexa erakunde horretan Osakidetzaren erantzun faltagatik, eta berriki jaso dute erantzuna. “Eskertzen dugu azkenean norbaitek gure eskaerei erantzutea, baina ez zaigu nahikoa iruditzen emandako erantzuna”, nabarmendu zuten atzoko agerraldian, “urte eta erdi igaro behar izan da norbaitek Aiaraldeko milaka herritarren kezkei erantzuteko”.
Nabarmendu zutenez, Arartekoak arrazoia eman die zenbait puntutan, emandako erantzunean zeharka adierazten omen duelako Osakidetzak ez duela “aurrekontu, antolakuntza eta langile-hornidura nahikorik”, eta behin baino gehiagotan komunikatu diotela herritarren kezka hori osasun erakundeari.
Gauzak hala, azken urteetan aldarri berari eutsi zioten atzoko agerraldian ere: “Aiaraldeko osasun-zerbitzuak duinak izan daitezela guztientzat”. Bide horretan, eurei zuzenean erantzutea eskatu diote Osakidetzari edota Osasun Sailari, “eta ez bakarrik erantzutea, baizik eta kontuan hartzea eta kasu egitea helarazitako problematika eta eskaerei, horietako asko errealitate baitira oraindik”.
Bien bitartean, borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute, helburu batekin: “Osakidetzak Aiaraldean dituen zerbitzuak duinak izatea pertsona guztientzat”.