Stai Zitto, Joseba Irazoki, Eskean Kristo, Nogen eta Olatz Salvador igoko dira Burubioko oholtzara, besteak beste

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 31a, 08:00
Nogen taldeak joko du martxoaren 9an. / Nogen

Apirilaren 26 ospatuko dute kultur elkartearen hirugarren urteurrena, Rip, Hertzainak eta Eskorbutoren tributuen emanaldiarekin.

Indartsu hasi du 2019a Burubiok. Eskaintza oparoa prestatu dute kultur elkarteko kideek urteko lehen lau hilabeteetarako. Hemen kontsultatu daiteke egitarau osoa, ordutegiak eta sarreren prezioak barne.

Bihar -ostirala- Sumision City Blues eta Pomeray taldeak igoko dira oholtzara, 22.30ean. Otsailaren 22an, aldiz, Gwa Ya, Cristosaurio eta Kultura Reggae Band taldeek joko dute, gaueko hamarretatik aurrera.

Martxoaren 1ean, aldiz, ska doinuek beteko dute Amurrioko aretoa, Guda Dantza eta Stai Zitto taldeek hain zuzen. Hurrengo egunean, aldiz,  "Joseba Irazoki eta lagunak" eta Eskean Kristo taldeen txanda izango da.

Martxoaren 9an, aldiz, Nogen eta Serrulla taldeak bertaratuko dira Burubiora. Bukatzeko, Olatz Salvador eta Sabin Guaresti kantautoreek eskainiko dute kontzertua, apirilaren 12an, euren disko berriak aurkezten.

Eskaintza oparoa
Burubioko kideek nabarmendu dute “oso eskaintza zabala” osatzen ari direla aurten, “ditugun baliabideak kontuan hartuta, batez ere”. Metal, reggae, pop-rock edota rock taldeak igo dira azken hilabeteetan aretoko oholtzara. “Martxoaren 2an bi talde izugarri izango ditugu: Joseba Irazoki eta lagunak eta Eskean Kristo”, azaldu du Egoitz Palaciosek, “bestalde Nogen edota Olatz Salvador bezalako taldeak etorriko dira. Disko izugarriak plazaratu dituzte aurten eta kontzertu piloa eskaintzen ari dira Euskal Herriko areto nagusienetan, harrera ezinhobea izanez”.

Hiru urteko ibilbidea
Apirilean hiru urte beteko ditu Burubio kultur elkarteak. Hori ospatzeko jaialdi berezia egingo dute apirilaren 26an, Rip, Hertzainak eta Eskorbutoren tributuen emanaldiarekin.

Hala ere, ez dira urteurrena ospatzera mugatuko, beste hainbat erronka baitituzte esku artean. “Gure helburu nagusia aurten udalarekin hitzarmen bat sinatzea da”, aurreratu du Palaciosek. 2017-2018 urteetarako sinatu zuten hitzarmena, baina oraindik ez dute berritzerik izan, eta hori “oso garrantzitsua” da elkarteko kideentzat. “Oso garrantzitsua dela guretzat Amurrioko Udalaren partetik babes hori jasotzea, uste dugulako herriari eta baita Aiaraldea osoari eskaintza kultural potentea eskaintzen diogula, zerbitzu publiko bat izan gabe, kultur elkartean gauden 10-12 zorok gure denbora eta bizitzaren parte handi bat eskaintzen ari garelako, musikari diogun maitasuna helburu bezala hartuz”.

Elkarteko kideen xedea ere izango da jende gehiagorengana iristea, batzuetan kontzertuetara jende gutxi bertaratzen dela uste dutelako. “Arazo kulturala daukagu gizarte bezala? Zergatik jendea ez ditu horrelako eskaintzak babesten? Uste dugu honi konponbide bat bilatu behar zaiola”.

Bestalde, entsegu lokalekin orain arte bezala jarraitzeko asmoa dute: “Amurrion dagoen mota horretako eskaintza bakarra gara”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide