CD Laudiok zuzendaritza berria dauka eta Jagoba Sedano Garay da presidentea

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 13a, 10:52

Jagoba Sedano Garay izango da futbol klubeko presidente berria. / Aiaraldea.eus

Hauteskunde prozesua zerrenda bakarraren aurkezpenarekin burutu dute eta orain arte klubean ordezkari ardurak eramaten zituen kidea (Jagoba Sedano) izango da presidentea.

CD Laudiok hauteskunde prozesua abiatu zuen maiatzean, zuzendaritza berria hautatzeko. Izan ere, orain artekoa kudeaketa batzordea zen, Javi Zaballaren presidentetza amaitu eta gero martxan jarritakoa.

Prozesuak presidente eta zuzendaritza berria ekarri ditu eta Jagoba Sedano Garay abokatua egongo da taldearen buruan, bera bakarrik izan baita gai hautagaitza bildu eta aurkezteko.

Berez, ardura banaketa hurrengoa izango da:

  • Presidentea: Jagoba Sedano Garay
  • Presidenteordea: Gustavo Bote Alvarez
  • Idazkaria: Josu Minguez Manzarbeitia
  • Diruzaina: Mitxel Aginako Arri
  • Batzordekideak: Iñigo Aguirrezabala Pascual, Iker Goikoetxea Sasiain, Jon Gonzalez García, Paul Le Grys, Ivan Sedano Garay, Javier Solana Corro, Juan Jose Solis Osuna
  • Ordezkoak: Luis Abascal Urquijo, Alexander Velasco Cardenas

Behin kluba ekonomikoki saneatuta, haztea

Jagoba Sedanok argi dauzka zeintzuk diren bere helburuak: "Kirolean zein alde sozialean haztea". Bere xedea da harrobia hobetzea lehen taldea ere hobea izan dadin.

Horrez gain, gizartean eragin nahi dute, klubarekiko "ilusioa eta atxikimendua" sortzeko. Sedanoren ustez, azken urteotan CD Laudiok ez du izan gaitasun hori eta jadanik hasi dira jarduerak antolatzen hori zuzentzeko.

CD Laudiorekiko atxikimendua sortu nahi du zuzendaritza berriak, jarduera sozialak antolatuta.

Aurten Alzarrate futbol zelaiaren historia oroitu eta omendu dute eta laster gauza bera egingo dute Victor Urquijo Athletic Clubeko jokalari laudioarrarekin.

"Villosan hasi zen jokatzen eta Laudion trebatu zen. Gero hiru denboraldiz jokatu zuen Athletic Cluben. Laudion hazitako jokalarien historia berreskuratzeak lagundu dezake atxikimendua sortzen", iritzi du Sedanok.

Eskerrak Javi Zaballari

Sedanok esker hitzak izan ditu aurreko zuzendaritzarentzat, Javi Zaballa buru zuena. Izan ere, denboraldi honetan klubak lortu du 2013-2014 denboraldian metatutako zorra kitatzea, eta gehiena Zaballaren egonaldian lortu zuten.

CD Laudiok 2013-2014 denboraldian metatutako zorra ordaintzea lortu dute aurten

"Aurten egin diogu azken ordainketa Fogasari eta esan ahal dugu ez dugula zorrik, eta hori Javi Zaballa eta bere taldeari esker izan da, neurri handi batean" azpimarratu du presidente berriak.

Proiektua egonkortuta

Nabarmendu beharra dago CD Laudiok garai oso korapilatsuak igaro dituela azken hamarkadan, goia jo ondoren.

Izan ere, 2013-2014 denboraldian 2. B mailan jokatu zuen, baina esperientziak orbain oso sakonak utzi zituen kirol proiektuan. Taldeak 220.000 euroko zorrarekin amaitu zuen denboraldia eta ez zen gai izan mailari eusteko.

Une horretan, aurrera egin eta diru zorra kitatzeko hautua egin zuten bazkideek, baina zuzendaritza aldaketa nahiko egon dira geroztik. Esaterako, 2018an Gasteizko zerrenda bat aurkeztu zuten hauteskundeetara.

Aurten, kirolaren ikuspuntutik gutxienez, emaitzak positiboak izan dira laudioarrentzat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide