ANALISIA

Ostiraleko heriotza gertatu baino lehen, norbaitek salatu zuen larrialdi zerbitzuen egoera Aiaraldean?

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 18a, 09:26
Maiatzean modu sinbolikoan itxi zuen LABek Etengabeko Arreta Gunea. / LAB sindikatua

Ostiralean 42 urteko gizonezko hil ondoren, herritarren arteko elkarrizketetan azaleratu dira hainbat kasu zeinetan agerian geratu den gizarteak ezagutzen zuen arazoa zela Aiaraldeko osasun sistema publikoarena. Berez, LAB eta ESK sindikatuek, Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak edota Mugimendu Feministak duela hilabeteak zabaldu zituzten alarma mezuak.

Arreta medikurik gabe 42 urteko gizonezkoa zendu eta gero, ohikoa bilakatu da Laudioko kaleetan herritarrak entzutea osasun sistema publikoari buruz solasten. Antza, askok bazekiten Etengabeko Arreta Guneetan jazotzen ari zena, baina astearteko elkarretaratzera arte, ekimen publiko eta kolektibo urriak egon dira Aiaraldean.

Deigarriena LAB sindikatuak egin zuen, maiatzean Laudioko Etengabeko Arreta Gunea "itxi" baitzuen sinbolikoki medikuen faltagatik. Langile erakundeak gogoratu zuen maiz gertatzen zela egoera hori Laudion zein Amurrion. Amurrioko Hezkuntza Sare Publikoaren aldeko plataformak ere horren berri eman zuen.

ESK sindikatuak ere azaroan salaketa publikoa egin zuen Laudio eta Amurrioko larrialdi zerbitzuari buruz eta gogoratu du osasungintzako hainbat langilek Aiaraldeko Udaletara bidali zutela eskutitza egoera azaltzeko. Antza, soilik Laudiok eta Aiarak erantzun zieten.

Mugimendu Feminista

Laudioko Mugimendu Feministarekin ere jarri da harremanetan Aiaraldea Komunikabidea. Izan ere, eragile horrek udan bertan aipatu zuen egoera horrek (medikuen gabeziak, alegia), beste askoren artean, zaildu duela salaketa matxistak kudeatzea.

Zehazki, mugimenduko kide batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari medikurik ez egoteak esan nahi duela salaketa jartzeko bidea oztopatzen dela: "Erizainek ezin dute lesioen agiria sinatu forentse batek gertakaria bere gain hartzeko".

Mediku gabezia maiz errepikatu denez (Laudioko Jaietan, adibidez, egun bat baino gehiagotan), herriko Mugimendu Feministako kideek euren protokoloan zehaztu behar izan zuten anbulatoriora joan baino lehen, deitu behar zutela osasun zentrora jakiteko medikua zegoen edo ez.

"Batzutan ordu laurden baino gehiago ematen genuen telefonoan soilik jakiteko medikua zegoen edo ez. Larriena da askotan ez zekitela zer erantzun", azpimarratu du Mugimendu Feministako ekintzaileak.

Pentsiodunak

Laudioko pentsiodunen plataformak ere osasungintza publikoaren arazoak salatu ditu 2020tik, nahiz eta ez duten egin zehazki Etengabeko Arreta Gunearen gabeziak azaleratzeko mobilizaziorik. Berez, pentsiodunek osasun sistema publikoaren prekarizazioa kritikatu dute oro har, eta, batzutan, langileak omendu dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide