Vidralak 231,1 milioi euroko irabazi garbia izan du aurten, Aiala Vidrioko langileak enplegua erregulatzeko espedientean dauden bitartean

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 28a, 07:00

Aiala Vidrio lantegia du Vidralak Laudion.

Iaz baino %26 gehiago irabazi du taldeak. Aldi berean, Laudioko langile kopurua murriztu ez ezik, enplegua erregulatzeko espedientea ere dauka abian multinazionalak.

Vidrala konpainiak emaitza ekonomiko oso positiboen berri eman du. Izan ere, 231,1 milioi euroko mozkinak lortu ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Datu horiekin iazko datuak hobetu dituzte irabaziak %26an handituta. Berez, salmentek ez dute sekulako hazkundea izan (%1,9 baino ez), baina etekin kopuruak gora egin du.

Egoera horrek oso bestelako isla dauka Laudioko Aiala Vidrio lantegian. Taldeko fabrikak ez du une goxoak bizi izan azken urtean. Berez, zuzendaritzak 90 langile gutxiagorekin funtzionatzeko urratsak egin ditu.

Kaleratzeak boluntarioak izan dira, baina jadanik 40 behargin inguruk erabaki dute enpresa uztea eta beste gutxi batzuek hautu bera har dezakete hurrengo hilabeteetan, iturri sindikal batek azaldu duenez. Iturri berak aldarrikatu du enpresak inoiz baino diru gehiago eskuratzen duen bitartean, langileen egoeran ez dela hobekuntzarik gertatu, kontrakoa baizik.

Hori gutxi balitz, Aiala Vidrioko langileak enplegua erregulatzeko espediente baten barruan orain arte, "antolakuntza arrazoiak" argudiatuta.

Bidean, aipatu beharra dago taldeak inbertsio ugari egin dituela azken urteotan, izan Ingalaterran zein Brasilen.

Diru gehiago akziodunentzat

Azpimarratu beharra dago, halaber, zuzendaria aldatu duela aurten Vidralak eta iragarritako lehenengo neurrien artean zegoela akziodunen artean ez-ohiko dibidenduak banatzea.

Horrez gain, aintzat hartu behar da iaz ia 10 milioi euro banatu zituztela kontseilarien eta goi kargudunen artean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide