Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailera jo du Urduñako Udalak, Somolsa fabrika zenaren egoera dela eta

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 4a, 20:54

Lantegiko sabaia erori egin da eta zonaldea apurtutako uralitaz bete da. / Urduñako Udala

Azken hilbateetan hainbat lapurreta egon dira fabrika abandonatuan, eta eraikina erabat eraitsita geratu da. Amiantoz eginiko material ugari dago inguruan, eta hori kentzeko eskaria egin die Udalak jabeei. 

Azken hilabeteetan hainbat lapurreta jazo dira Urduñako Somolsa fabrika abandonatuan. Udalak Aiaraldea komunikabideari azaldu dionez, lapurrek eraikinaren estrukturaren hainbat zati eraman dituzte, eta sabaia erori da horren ondorioz. 

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailera jo du tokiko erakundeak. Izan ere, fabrikaren sabaia uralitaz eginda zegoen. Material hori amiantoz osatuta dago, epe luzera birikietako minbizia eragiten duen elementua. Gauzak hala, zonaldea garbitzea bilakatu da udalarentzako lehentasuna, herritarrentzako arriskutsua izan ez dadin. 

Sabadell bankua eta Elkargi finantza-entitatea dira lursailaren jabeak. “Eurekin hitz egin dugu eta onartu egin dute amiantoa kentzearen ardura euren gain hartzea”, azaldu dio Itziar Biguri alkateak Aiaraldea Komunikabideari, “salaketa ere jarri dute, egondako lapurretengatik”. 

Dena den, bi entitateek diru inbertsio handia egin beharko dute amiantoa modu seguruan kentzeko. Enpresa espezializatu batek egin behar du lan hori, eta aurrekontuak altuak izan ohi dira. Latiorroko Ikastetxean zegoen uralita kentzeko, adibidez, 800.000 euro baliatu behar izan zituen Hezkuntza Sailak iaz. 

Gainera, kontuan hartu behar da Somolsako uralita oso egoera txarrean dagoela, plakak sabaietik erori eta txikitu egin direlako. 

Ia bi hamarkada itxita

2004. urtean itxi zituen ateak Somolsak. Ordainketak etenda ditu orduz geroztik, eta 2,4 milioi euroko zorra du pilatuta ogasunarekin. 

Iazko azaroan ehunka lagun bildu ziren lantegi horretan, 'SOS Aiaraldea' lemapean. Bailara berrindustrializatzeko plan bat eskatu zuten, besteak beste. 

Abenduan, aldiz, sutea egon zen fabrikan, baina ez zuen kalte handirik eragin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide