2019. urteko albiste ikusienak Aiaraldea.eus-en: Atxiloketak, lan istripuak, hauteskundeak...

Erredakzioa 2019ko abe. 31a, 12:40

2019. urtea amaituko da gaur eta 12 hilabete bizi izan dira atzean geratuko direnak. 3 hauteskunde egon dira eta Korrikak ere igaro du eskualdea, baina horrez gain atxiloketak, lan istripuak eta bestelako gertakariak jazo dira.

Hauek izan dira Aiaraldea.eus-en bisita gehien izan dituzten albisteak:

1. Galder Barbado Bonillaren atxiloketa

Galder Barbado Bonilla gazte amurrioarra atxilotu zuen Ertzaintzak otsailaren 7an, Duranan agertutako bidoi batean lehergailuetarako materiala biltzea leporatuta. "Kale Borroka" ekintzetara lotu zuen poliziak akusazioa eta bera zein Aitor Zelaieta gasteiztarra espetxeratu zituen Entzutegi Nazionalak.

Udan behin-behineko askatasuna berreskuratu zuen amurrioarrak.

2. Ibai Etxebarriren lan heriotza Tubacex enpresan

Uztailaren 4an lan istripua gertatu zen Laudioko Tubacex enpresako lantegian eta laudioar gazte bat hil zen horren ondorioz. Unean bertan ekoizpena eten zuten lankideek eta greba eta mobilizazioak egin zituzten hurrengo egunetan prekarietatea eta beharginaren heriotza salatzeko.

 3. Hezkuntza oposizioak

Lan deialdi publikoetan parte hartzea errutina bilakatu da hainbat lagunen bizitzan. Goretti Eskaltza laudioarrak iritzi zutabea idatzi zuen horri buruz hezkuntzako oposizioen atarian eta irakurle ugariren arreta erakarri zuen.

4. Vox alderdiaren agerpena

Vox alderdiko sortzailea Amurriokoa bada ere, oinarri sozial ahula dauka taldeak eskualdean. Horregatik, besteak beste, Aiaraldeko herritar ugariren interesa piztu zuten Amurrioko eta Laudioko udal hauteskundeetako zerrendek.

5. Trafiko istripua Luiaondon

Istripuak errepidetan maiz gertatzen dira Aiaraldean, baina, oro har, eta zorionez, ez dira larriak gehienetan. Azaroan, ordea, bi ibilgailuk talka egin zuten Luiaondon eta autoek txiki-txiki eginda bukatu zuten.

6. Julen Ibarrola aske

Terrorismoa goratzeagatik urtebete kartzelan eman ostean, otsailaren 10ean atera zen Julen Ibarrola espetxetik. Bere lagun mina -Galder Barbado- 3 egun lehenago atxilotu zuten eta, ondorioz, aske geratu zenean gogoratu zuen bere egoera.

 7. Tubacex enpresako beste langile baten heriotza

Uztailean istripu batek Laudioko gazte bat hil ondoren Tubacex enpresan, eskualdeko beste behargin bat zendu zen Amurrioko lantegian, bero handiko gunean.

8. Herritar bat hilik trenbidean

Urrian lagun bat harrapatu eta hil zuen trenak Gardeako auzoan eta hainbat orduz eten zen zerbitzua Laudio eta Urduña artean.

9. Ulukaren abestia

2018ko azken egunetan argitaratuta, Uluka eskualdeko taldearen "Aita, ama" abestiak bisita mordoa jaso zuen 2019ko hasieran ere.

10. Ibai Etxebarriren heriotzaren salaketa

Uztailean langile laudioarraren istripuaren ostean, Tubacex enpresako lankideek eta sindikatuek bilera egin zuten gertatutakoa baloratzeko eta zuzendaritzaren ardura nabarmentzeko. Bideo batean jaso zuen Aiaraldea.eus-ek hori guztia.

11. Istripu ikusgarria, baina ondorio larririk ez

Laudio eta Luaiondo artean bi ibilgailuk talka egin zuten. Bi lagun harrapaturik geratu ziren barruan, baina, zorionez, zauri larririk ez zuten izan.

12. Ezker Abertzaleko familia baten aurkako tiroketa

Urtarrilaren hasieran ezezagun batek Ezker Abertzaleko familia baten etxearen kontra egin zuen tiro Lezaman. Ertzaintzak herriko polizia erretiratu bat ikertu zuen eta bere etxean miaketa gauzatu zuen. Epaiketa ez da oraindik izan. Eraso horrekin hasi zen urtea Amurrion, herriak azken urteotan izan duen gorabeheratsuenetakoa politikoki.

Aipatutako albisteak ez ezik, bestelako berri garrantzitsuak ere gertatu dira. Esaterako, oihartzun handia izan zuten eskualdeko bi emakumeren kontrako eraso matxistek. Laudioko emakumezko batek fisioterapeuta baten ukituak salatu zituen eta Orozkoko beste batek, aldiz, erietxean jasandako erasoa.

Urteko azken egunetan Ione Basterraren ezusteko heriotzak, tamalez, eragin du bisita uholdea Aiaraldea.eus-en.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide