ERREPORTAJEA

Martxoak 8, leku oro feminismoaren lekuko

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mar. 9a, 06:34

Dozenaka emakume bertaratu ziren atzo Orozkoko Ibarra auzora Madres Mercedarias egoitzako langileekin mobilizatzera. / Aiaraldea.eus

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna dela-eta, mobilizazioz eta aldarri feministaz jantzi zen atzo Aiaraldea. Artiach eta Madres Mercedariasen elkartasun ekimenak egin zituen Aiaraldeko Mugimendu Feministak.

Puxika bailitzan, lotuta eta hegaka ospatu zuten eskualdeko emakumeek* 2022ko martxoaren 8a. Hala antzeman zitekeen atzo, Orozkoko Artiach fabrikaren aurrean Mugimendu Feministak deituriko mobilizazioaren irudian. Nola instituzioek hala eragile feministek, makina bat ekitaldi antolatu zituzten, tokian toki.

Ikasleak izan ziren lehenbizikoak kalera ateratzen. Hain zuzen, 12:00etan burutu zuen elkarretaratzea Aiaraldeko Ikamak, 'Feminismoa, hezkuntza sistema aldarrikatzeko' lemapean. Ehunka gazte bildu ziren mobilizazioan, horien artean, Ekhiñe Lopez Olabarria Ikamako kidea. Arrazoiak argi ditu: "Feminismoa beharrezkoa da hezkuntza sistema aldatzeko. Denek hitz egiten dute feminismoaz, baina feminismotik eta feminismorantz doan hezkuntza sistema behar dugu ikasleok".

Eskualde ekimenak Orozkon

Orozkoko Artiach fabrika izan zen Mugimendu Feministaren eguneko lehen geldialdia.100 greba egun baino gehiago daramatzate lan hitzarmena aldarrikatzen bertan. Horietako bat da Josune Perez Hernandez Artiacheko grebalaria: "Toki desberdinetako Aiaraldeko emakume asko elkartu gara Artiach enpresari lan hitzarmen duina eskatzeko, egungoa ez baita justua. Badakigu hitzarmena hobetzeko dirua soberan dutela". Elkartasun ekimen inguruan, jasotako babesa eskertu zuen Aiaraldea Komunikabideari eginiko adierazpenetan: "Tubacexen egin bezala, laguntza eta babesa eskatu genion Aiaraldeko Mugimendu Feministari, langileak gaur fabrikara sartzea eragozteko".  Ondoren, Ibarra auzoko (Orozko) Madres Mercedarias zentrora jo zuen pikete feministak, bertako emakume grebalariei babesa adieraztera. “Kapitalak eta patronalak zapaldu egiten gaitu, eta egoera prekarizatu. Espero dugu borroka hauek gure lan bizitza sostengarri bilakatzen laguntzea”, adierazi zuten Orozkoko Zubiaur plazan eginiko hitzartzean Ibarrako zaintza langileek. Halaber, Orozkon egin zuen Aiaraldeko Mugimendu Feministak eskualdeko mobilizazioa, 17:00etan.

Herrietan, hamaika ekintza

Arratsaldean, berriz, bailarako herrietan zentratu ziren mobilizazio gehienak. Laudion, 17:30ean jarri zuten hitzordua, Herriko plazan. Txokolate jana eta material salmenta egin zuten arratsaldearen lehen zatian, Laudioko Udalak iazko martxoaren 8ko kartelak jartzeagatik 4 kide zigortu baitzituen 3.000 euroko isunarekin. Ondorioz, elkartasun poltsak saldu zituzten babes soziala eta ekonomikoa lortzeko. Etawasoleko emakumeek, euren aldetik, Saharako ahizpek bizi duten gatazka ekarri zuten gogora, performance bidez. Iluntzean, dantza eta manifestazioa izan ziren nagusi, ehunka herritar bertaratu zirelarik.

Amurrion, berriz, Amurrioko Emakumeen Sarea aurkeztu zuten 12:30ean Juan Urrutia plazan, etorkizuneko Emakumeen Etxea sortzeko helburuarekin. Arratsaldean, aldiz, Amurrioko Mugimendu Feministaren manifestazioak bete zituen kaleak.

Amurrioko Emakumeen Sarea, Artziniegako Lorategi Feminista, Aiarako Gune Feminista, Aiaraldeko Mugimendu Feministari buruzko erakusketa... Ekimen berritzaile ugari aurkeztu zituzten martxoaren 8an

Urduñan, Parekidetasun Batzordeak egun osoko ekintza maratoia osatu zuen. Abesti feministekin dantzan hasi zuten goiza, eta bingoarekin eman zioten segida arratsaldean. Horrez gain, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historia erakusketa kokatu zuten Foru plazan. Beste hamaika jarduera ere egon ziren hirian: txokolate jana, Kaitin Allenderen bakarrizketa emanaldia, Loraldi elkartearen bazkaria, 'Ni neu nirekin' ipuin kontalaria, pankarta eustea...

Artziniegan, ostera, 'Lorategi feminista' atondu zuten. Artziniegako Talde Feministak proposatu zuen ideia, eta historian zehar erreferentetzat hartutako emakumeei aitortza egin zieten horrela. Zehazki, herri sarrerako iturria bilakatu zuten memoriaren lorategi, aitortza soziala eta kolektiboa uztartuta. Ekitaldia ere egin zuten, loreak landatu eta zenbait abesti kantatuta. Koro feministaren laguntza izan zuten horretarako.

Arespalditzak ere ekimen berritzailea plazaratu zuen: Aiarako Gune Feminista. Sustatzaileen esanetan, aspaldikoa zen ideia. Koronabirusak eragindako pandemiak, baina, atzeratu egin du egikaritzea, atzo arte. Hala, Ferialeko zelaian kokatu dute eremua. “Panel bat da, Mugimendu Feministaren albiste eta deialdiak partekatzeko”, erantsi dute. Horrez gain, buzoi bat ere ipini dute, “salaketak, iradokizunak edo hausnarketak jasotzeko”. Aurreratu dutenez, espazio horretan elkartuko dira bileretarako, “emakumeei ikusgarritasuna emateko”.

“Sistemari sua”

Ekitaldiko hitzartzeetan antolakuntza feministaren garrantziari heldu zioten, batik bat. “Itzuli gara, naiz eta sekula ez garen joan. Antolatu gara, sareak josi, herri eta auzoetako lanetara itzuli. Urte hauetan barre, negar, dantza egin dugu; baina gaur hemen gaude berriro, 'Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gara!' lemapean", argitu zuten Laudoin. Hain zuzen, lelo hori izan du 2022ko martxoaren 8ak Euskal Herriko Mugimendu Feministarentzat. "Sistema honi su eman nahi diogu, nazkatuta gaudelako erailak, erasotuak... izateaz. Ezin dugu onartu emakume* bakar bat gehiago erailtzea, gure gaineko indarkeriak gure bizitzetan jarraitzea".

Ildo beretik, egungo sistema eredua jasanezina dela azpimarratu zuten: "Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu. Jendartearen zati handienarentzat eta, bereziki, emakumeontzat zein sexu-genero disidenteontzat, kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu".

Madres Mercedarias egoitzako emakumeek ere hartu zuten hitza, Laudioko manifestazioan. Esker eta borroka mezuak luzatu zituzten. Ekitaldia amaieran antolatzeko beharra nabarmendu zuten, feminismo anitzaren alde: "Gure feminismoa anitza eta emakume zein gorputz disidente guztioi irekia izan behar da. Lagunak, ahizpak, amak, auzokideak, lehengusinak... Oliozta dezagun makineria, ez gaitezen egun soltean geratu, antola gaitezen dena aldatu eta kaleak betetzen jarraitzeko, denak aske izan arte".

Ekitaldi instituzionalak

Irakurketa edota adierazpen instituzionalak goizean izan ziren, oro har. Hala ere, arratsaldean pilatu ziren, tokian toki, elkarretaratze instituzionalak. 18:00-20:00 bitartean mobilizatu ziren Amurrion, Laudion, Okondon, Arespalditzan, Artziniegan, Orozkon eta Urduñan. Aiaraldea Komunikabideak egun osoaren jarraipen berezia egin zuen. Irudi eta eduki guztiak aiaraldea.eus atarian daude ikusgai.

Bestalde, Bor-bor elkartearen eskutik, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historiari buruzko erakusketa ibiltaria batetik bestera mugituko dute datozen asteetan: 13an Okondon eta Artziniegan jarriko dute ikusgai, eta martxoaren 22tik apirilaren 5era Orozkoko Museoan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide