EAEn inoiz atzeman duten marihuana ekoizle handienak izatea leporatu die Ertzaintzak Amurrion pabiloi bat zuten hiru gizonezkori

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 16a, 13:26
Ertzaintzak zabaldutako irudiak. / Ertzaintza

Astelehenean atxilotu zituen Ertzaintzak hirurak eta Amurrion 11.000 kalamu landare hazteko gaitasuna izango zuen pabilioia kudeatzea leporatu diete. Operazioan 26.000 euro, pistola bat eta hainbat gailu elektroniko ere topatu zituen poliziak. Akusatuak aske utzi dituzte, baldintzapean 

Ertzaintzak gaur jakinarazi du martxoaren 11n, hau da, astelehenean, 45, 40 eta 23 urteko hiru gizon atxilotu zituela Amurrioko udalerrian toki malkartsu batean zegoen pabilioi bati lotuta. Poliziak adierazi duenez, lokal horretan Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz topatu duten marihuana haztegi handiena aurkitu dute.

Berez,  oharrean azaldu dutenez, "agenteek barruko bi berotegi gune aurkitu zituzten, guztira 644 landarerekin, bai eta hazkuntza mantentzeko eta handitzeko material ugari ere, edukiera gutxienez 11.000 landaretara iristeko behar ziren obrako materialez gainera. Berez, pabiloiaren beste zati batean jada ari ziren berotegi berriak instalatzeko beharrezko elektrizitate- eta iturgintza-lanak egiten.  Aurkitutako landareekin, taldeko kideek 250.000 euro inguru lor zitzaketen legez kanpoko merkatuan".

Azpiegituraren aldetik, gailu elektrikoak, bero-ponpak, aireztapen-sistemak, airea erauzteko sistemak eta ureztatzeko eta ongarritzeko sistema automatizatuak zituen pabilioiak eremu itxian marihuana hazteko eta modu horretan, Ertzaintzaren aburuz, urtean 4-6 uzta bil zitezkeen.

Horrez gain, atxilotuen etxebizitzetan gailu elektroniko ugari konfiskatu zituzten, besteak beste, ordenagailu eramangarriak, disko gogorrak eta telefono mugikorrak, agiriak, 26.000 eurotik gora eta pistola bat munizio eta guzti.

Atxilotuak aske

Ikerketa iazko azaroan abiatu zuten poliziek eta Laudioko eta Gernikako ertzain-etxeetara atxikitako herritarren babeserako patruilek parte hartu dute, Bilboko Ertzain-etxeko droga- ataleko taldearen laguntzarekin. Atxiloketak martxoaren 11n izan ziren eta bi egun igaro arte ez zituzten epailearen esku utzi.

Tarte horretan Araban eta Bizkaian zenbait etxebizitza ere miatu zituzten.

Ertzaintzak leporatzen die akusatuei talde kriminala osatzea, droga trafikoa eta elektrizitatea lapurtzea. Dena den, epaileak aske utzi ditu karguekin.

Lan banaketa

Halaber, poliziak uste du hiru gizonezkoen artean lan banaketa argia zegoela. Bat elektrizitatean eta iturgintzan espezialista zen eta besteak sareen instalazioan ezagutza aurreratua zuen. Hirugarren atxilotua, ordea, landareak zaintzeaz arduratzen omen zen.

Horretarako, perimetroko bideozaintza-sistema bat zuten instalatuta.

Enegarren operazio Aiaraldean

Ertzaintzak duela urtebete drogen trafikoaren eta kontsumoaren kontrako kanpaina bizia abiatu zuen eskualdean, bereziki, kalamuaren kontra. Horrela, zortzi izan dira Ertzaintzak drogen aurka Aiaraldean egin dituen operazioak azken asteetan. Esaterako, otsailean 18 urteko gazte bat atxilotu zuten Aiaraldean haxixa saltzea leporatuta eta beste bi adingabe isundu zituzten droga kontsumitzeagatik. Otsailean ere Orozkon eta Amurrion edota Laudion aritu ziren eta urtarrilean herri bereko bi tabernatan, parkean edota ikastetxeen kanpoaldean.

Aste honetan iaz atxilotutako gizonezko batek adierazi du bere kontrako operazioa sona handikoa izan bazen ere, atzeman zioten marihuanak ez zuela THCrik eta, hortaz, ez zela droga.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide