Ezohikoa izan da aurten Amurrioko Jaien hasiera, hainbat arrazoiengatik. Horietako bat aski ezaguna zen aurretik: txupinazoak ozta-ozta ez du eguzki-eklipsearekin kointziditu, eta horrek eragina izan du giroan. 17:30etatik aurrera jende ugari pilatu da udaletxe sarreran, fenomeno astronomiko historikoa ikusteko betaurrekoak eskuratzeko. Txupinazoaren unean bertan, aldiz, ohikoan baino jende apur bat gutxiago sumatu zitekeen plazako inguruetan, zenbait pertsonek tokia hartzeko itxaron ez dutenaren seinale.
Hala ere, giro beroa egon da udaletxe aurrean, eta baita eraikinaren barruan ere. Izan ere, Kuskua elkarteak emozioz beteriko pregoia plazaratu du. Enia Hidalgok irakurri du testua, baina ez da hitzetan geratu. Elkarteko dantzariek hartu dute jarraian pleno aretoa, eta ikuskizun labur bezain intentsua plazaratu dute bertan, bi abeslariz lagundurik. Okasiorako berariaz eginiko kantu batekin hasi dute emanaldia, eta beste hainbat abesti ezagunen zatiak kateatu dituzte jarraian, txalo zaparrada artean amaitzeko.
Suteen arriskua dela eta, ezin izan dute suziririk piztu, eta botoi bat sakatuta eman diete hasiera jaiei.
Kuadrillen ordezkarien txanda izan da jarraian. Banan banan atera dira Txabolakoak kuadrillako Edorta Gaydou, Dantza Lagunakeko Nerea Luaces, Euskotarrakeko Maialen Lopez, El Boliko Igor Trujillano, Trot Art-eko Yago Martinez eta Herriarenakeko Bidane Zorrozua, eta ohiko bandak jaso dituzte udal ordezkarien partetik. Esti Bordes izan da ateratzen azkena, aurtengo jaietako ordezkari gisa.
Bukatzeko, antzeko errituala errepikatu dute balkoian, txupinazoaren unea iristear zela. Eta hor iritsi da arratsaldeko azken sorpresa. Alerta-laranja dela eta, ezin izan zute suziririk bota suteen arriskuagatik. Ondorioz, Enia Hidalgok eta Txerra Molinuevo alkateak balkoian jarritako botoi bat sakatu behar izan dute, suziri baten soinua aktibatzeko. Hortik aurrerakoa urteroko berdina izan da: Iguarrakoa balkoirako jaitsi da musika, txalo eta oihu artean, eta ohiko zapiak jarri dizkiote.
Urtero bezala, Aiaraldea Komunikabideak zuzenean emititu du txupinazoa, eta Naiara Barallobre zinegotziarekin eta Enia Hidalgorekin hitz egiteko aukera izan du:
Astelehenera arte luzatuko dira herriko festak. Hemen ikusi daiteke egun guztietako egitaraua.
Argazkiak: Joane Lozano Landera eta Txabi Alvarado Bañares