Renfeko zerbitzuko erabiltzaileek ondo baino hobeto dakite C-3 lineako trenen eskaintza okertu dela azken bi urteetan. Are gehiago, pandemiaren eragina larriagoa zenean eta, hortaz, trenen maiztasuna handitzeko beharra zegoenean -jende pilaketak ekiditeko-, justu kontrakoa gertatu zen. Gidari ugarik hartu zuten erretiroa eta hutsune horiek ez ziren bete. Ondorioz, hainbat zerbitzu bertan behera geratu ziren. Arazoa bistakoa zen eta, adibidez, Aiarako, Laudioko, Urduñako eta Amurrioko alkateek Renferi eskatu zioten ordutegiak berrezar zitzan 2020ko urrian.
Urte horretan, 2020an, Esteban Montero eta Fernando Diaz Bilboko Renfe eta ADIFeko langile batzordeko ordezkariek jakinarazi zuten azken urteotan lanean aritu diren tren gidarien %75ek erretiroa hartuko dutela eta ez direla beharginak kontratatzen ari.
“Bilboko lineak ez dira garrantzitsuak Madrilgo gobernuarentzat. Tokiko zerbitzua hemendik bertatik kudeatu beharra dago, maitasunez eta eraginkortasunez egiteko”
Azken hilabeteetan gainera, gabezia horri bestelako aldagai batzuk batu dira. Patxi Aguayo Meana ikuskariak eta LAB sindikatuko ordezkariak jakinarazi duenez, hurrengo asteetan egoerak okerrera egingo du: “Momentuz ez da nabaritzen, bost gidarik baino ez dituztelako oporrak hartu, baina laster hamar gidariko taldeek hartuko dituzte opor egunak eta agerian geratuko da ez dagoela baliabide nahikorik. Hortaz, trenak bertan behera utziko dituzte. Izan ere, ez badago gidaririk, ez dago trenik”.
Aguayok azpimarratu du moldaketa horiek ahalik eta kalte gutxien eragiteko prestatzen direla, baina berdin-berdin jazotzen direla: “Esaterako, Laudion ibilbidean bukatzen duten trenak kentzen dituzte, baina Urduñakoak mantentzen dira”. Dena den, LABeko kidearen ustez, arazoa hor dago: “Langile falta dago. Renfeko kudeatzaileentzat Bilbo ez da lehentasuna. Adibidez, asteburu honetan azterketa egongo da 90 gidariren lanpostuak finkatzeko. Horien guztien artean ez da bat bera ere etorriko Bilbora lanera. Joango dira Madrilera, Bartzelonara, Sevillara… Bitartean, hemen batzuek erretiroa hartuko dute eta hurrengo promozioa osatu arte, ez da hemen zerbitzua indartuko. Horrek esan nahi du, gutxienez, 2023ko urtarrilera edo martxora arte gidari eskasia egongo dela”.
Egitura arazo horri bestelako gabeziak gehitu behar zaizkio. Izan ere, langileak kanpotik etortzen dira Bizkaira eta Arabara eta urtebete edo bi urte hemen behar egin ostean, euren jatorrizko herrietara itzultzen dira. Behargin horien prekaritatea zerbitzuan adierazten da, langileek ez baitute inguruaren jakintzarik ezta loturarik. Fenomeno hori bereziki pairatzen dute euskarazko zerbitzua jaso nahi dutenek, ez baitago inor hizkuntza ofizial hori ulertzen duena.
Giza baliabideak eta trenak
Baina, Renfek dituen arazoak ez dira langileen esparruan gelditzen. Aguayok iritzi du trenen bizitza behar baino gehiago luzatzen duela enpresak: “32 urte dituzte unitateek. Egia da oso emaitza onak eman dituztela, baina estatu espainiarreko zaharrenak dira”.
Ezaugarri horrek isla materiala dauka. Alde batetik, unitateek matxura ugari dituzte. Ikuskariak aipatu du: “Galgek edo motorrek arazoak ematen dituzte. Noizbait trenak ateratzen dira motor bakarrarekin martxan, nahiz eta bi izan. Horrek ez dio segurtasunari eragiten, seguruak baitira, baina motelago mugitzen dira eta atzerapenak gertatzen dira. Gauza bera jazotzen da galgekin, eta trenak geltokietan geratu behar direnean, mugimendua ezatsegina da bidaiarientzat”.
Eskualdean horrelako gertakarien berri eman du Aiaraldea Komunikabideak. Esaterako, 2021eko apirilean Laudioko Gardeako auzunean tren batek sua hartu zuen. Ez zen garrantzitsua izan eta ez zion inoren segurtasunari eragin, baina unitate batean galga elektrikoa matxuratu zenez bi egunez eta ez zegoenez modurik konpontzeko, azkenean galga pneumatikoa gehiegi berotu zen eta sua hartu zuen. Jakina, zenbait tren zerbitzu eman gabe geratu ziren eskualdean, Laudion makina hozten eta konpontzen zuten bitartean.
Urte erdi lehenago matxura ez hain ikusgarria izan zuen beste unitate batek Arakaldon. Trena geldituta geratu zen geltokietatik urrun eta beste tren bat alboan kokatu behar izan zen. Bi unitateen artean arrapala jarri zuen ikuskariak eta bidaiariak ebakuatu zituzten horrela, gidaria zerbitzu teknikoaren zain zegoen bitartean. Unitatea mugitu ezinik geratu zenez, trenbide bat ezin zen erabili.
Gainera, ezbehar horiek konpontzeko orduan, arestian agertutako arazoa azaleratzen da berriro; langile nahikorik ez dago tailerretan eta, ondorioz, unitate guztien matxurei konponbidea emateko gaitasunik gabe dago enpresa publikoa. Guzti hori gutxi balitz, LABeko kideak beste desbantaila jarri du mahai gainean: “Trenak oso zaharrak direnez, ordezkatzeko piezak topatzeko orduan ere zailtasunak sortzen dira”.
Renferen periferia
Egungo gabeziei aurre egiteko formulen bila, Patxi Aguayok gogoratu du LABen aspaldiko aldarrikapena dela Eusko Jaurlaritzak eskatu ditzan Renfeko eskumenak EAEn. “Bilboko lineak ez dira garrantzitsuak Madrilgo Gobernuarentzat. Tokiko zerbitzua hemendik bertatik kudeatu beharra dago, maitasunez eta eraginkortasunez egiteko” azpimarratu du ikuskariak.
Ideia ez da guztiz arrotza, izan ere, iazko ekainean herritar batzuek sinadura bilketa abiatu zuten Eusko Legebiltzarrak eskumen horiek bereganatzea eztabaidatu zezan.
Langile batzordeko kidearen aburuz, Renferen utzikeriaz gain, ADIFekoa -azpiegituren kudeatzailea- ere handia da eta trenbideen mantenua ez da egokia: “Aldiriko trenak ez ezik, merkantziak garraiatzen dituztenak ere igarotzen dira eta duela 10 urte ez dela ganorazko mantenua egiten, soilik konpontzen dira apurtzen diren trenbideko zatiak”.
Pandemia osteko fenomenoa
Bestalde, gutxi iraun bazuen ere, zerbitzua kaltetu duen beste fenomeno bat bandalismoarena izan da. Adibidez, azaroan dozenaka kristal apurtu zituzten hainbat unitatetan, trenean bertan horretarako dagoen tresna baliatuta. Patxi Aguayok uste du joera hori baretu dela eta bere senera itzuli dela azken hilabeteetan: “Argi edo paperontzi bat apurtzen dute noizbait, baina ez da udaren ostean bizi izan genuena. Dena den, hainbat trenetan kristalak apurtzeko tresna ez dago eskuragarri eta gidariaren kabinan sartu da”.
Laudion horrelako gertakariren bat jazo zen eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Hain zuzen, urriko asteburu batean pertsona batzuek Laudioko geltokian zeuden hondeamakina eta dumperra piztu eta bigarren mailako trenbideetan utzi zituzten. Dumperra matxuratu zen horren ondorioz.
“Zerbitzua txarto ematen zaien bakoitzean, erabiltzaileek erreklamazioa jarri behar dute, bai geltokian bertan zein Internet bidez”
Herritarren esku
Azkenik, horren aurrean erabiltzaileek zer egin dezaketen galdetuta, Patxi Aguayok oso argi du bidaiariek badutela zer esan eta zer egin: “Zerbitzua txarto ematen zaien bakoitzean, erabiltzaileek erreklamazioa jarri behar dute, bai geltokian bertan zein Internet bidez. Hori gero islatzen da Renfek egiten dituen kalitate azterketetan. Gainera, enpresak kontratua apurtu duenez -norberak bere txartela ordaintzean- dirua ere eskatu ahal zaio, gutxi izan arren”.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!