Udalak Gaztetxearen kaleratzearekin aurrera jarraitu nahi duela salatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 29a, 15:26

Udaltzainak hainbat aldiz bertaratu ziren Gaztetxera otsailean, baina ez zuten gunea desallojatzerik izan.

Agerraldia deitu dute datorren maiatzaren 6rako, 18:30ean Gaztetxean bertan. 

Huste arriskuan dago Laudioko Gaztetxea. Hala ohartarazi dute gune autogestionatuko kideek ohar baten bidez. Salatu dutenez, Lamuza parkeko espazioa husteko prozedura judizialarekin aurrera jarraitu du tokiko erakundeak. “Hasieratik salatu genuen moduan, Kultur Etxeko obrak gu Gaztetxetik kanporatzeko aitzakia baino ez ziren izan. Udalak Gaztetxera itzuliko ginela publikoki adierazi bazuen ere, hau gezurra dela agerian geratu da”, nabarmendu dute. 

Gaztetxeko kideek gogorarazi dute Udala ez zela eurekin harremanetan jarri, Gaztetxean berriz sartu ziren arte. “Horregatik, negoziaketen bideragarritasunerako berme modura, Gaztetxearen aurkako prozedura martxan ez jartzea eskatu genuen”.

Azaldu dutenez, azken hilabeteetan birritan bildu dira Udalarekin, eta hirugarren bilera bat egitekoak ziren asteazken honetan, “baina Udalak bilera hori bertan behera utzi du, hau gauzatzeko ordu batzuk falta zirenean”, salatu dute; eta nabarmendu dute bilera hori baino lehen jakin izan zutela kaleratzearekin aurrera jarraitzeko asmoa. 

Agerraldia datorren ostiralean

Horren aurrean, gazteentzako “antolakuntza espazioen” beharrezkotasuna jarri dute mahai gainean Gaztetxeko kideek, “alderdi politiko eta instituzioen interesetik harago”. 

Horri begira, agerraldia deitu dute datorren asteko ostiralerako, maiatzak 6, 18:30ean Gaztetxean bertan. 

Aiaraldea Komunikabidea Laudioko Udalarekin jarri da harremanetan gaiari buruz galdetzeko, baina momentuz ez dute auziari buruzko adierazpenik egin. 

Bi urteko bide gorabeheratsua

2019ko abenduan hasi zen Gaztetxearen eta Udalaren arteko gatazka, Kultur Etxeko obrak direla eta. Lan horiek hastear zeudela eta, Gaztetxea husteko agindua helarazi zien tokiko erakundeak Gazte Asanbladari. 

Lehen bilerak ez ziren ondo joan. Gaztetxeko kideek aipatu zutenez,  Udalak adierazi zien obrak amaitzean ezingo zirela espaziora itzuli. 

Handik gutxira, ordea, akordioa lortu zuten bi aldeen artean, Udalak jarrera aldatu zuelako. “Udalak Kultur Etxeko lanak amaitu ondoren instalazioetara itzultzea bermatzen die Gaztetxeko erabiltzaileei”, ziurtatu zuen tokiko erakundeak orduan plazaratutako prentsa oharrean. Handik gutxira iritsi ziren pandemia eta konfinamendu neurriak. Orduan, Udalak jakinarazi zuen Kultur Etxeko obrak 2023. urtera arte luzatuko zirela, eta ordura arte ezingo zirela bertako azpiegiturak (Gaztetxea barne) erabili. 

Hargatik erabaki zuten une horretan Gazte Asanbladako kideek Lamuza parkeko espazioan berriz sartzea, Udalaren baimenik gabe. Okupazio hark ez zuen asko iraun: udaltzainek handik gutxira hustu zuten espazioa.

Kontuan hartu behar da pandemiaren aurkako neurriak indarrean zeudela (etxeratze agindua, kasu), eta Gaztetxekoen esanetan, udaltzainek hori baliatu zuten gunea husteko. 

Mobilizazio zikloa abiatu zuten orduan Gaztetxeko kideek, espazioa berriz irekitzearen alde. 

Urtebete beranduago, iragan otsailaren 19an, etxeratze agindua bertan behera geratu eta gutxira, Gaztetxean berriz sartzea erabaki zuten Gazte Asanbladakoek.

Udaltzainak hainbat aldiz bertaratu ziren parkera eta hainbat gazte identifikatu zituzten, baina ez zuten gunetik kanporatzea lortu. Gauzak hala, prozedura judiziala abiatu zuen Udalak, gunearen okupazioaren aurka. 

Handik gutxira, baina, ezohiko biraketa izan zuen auziak. Udalak eta Gazte Asanbladak bilera egin zuten. Hainbat gauza jakinarazi zizkien bertan tokiko erakundeak gazteei. Alde batetik, Udalak azaldu zuen Gaztetxearen aurkako prozedura judiziala Foru Aldundiak daramala, erakunde hori delako, berez, Lamuza parkeko eraikin guztien jabea. Bestetik, aurrez ziurtzat emandakoa ezeztatu zuten: Gaztetxeko kideak ez ziren Lamuza parkeko espaziora itzuliko Kultur Etxeko obrak amaitzerakoan. 

Horren aurrean, alternatiba bat proposatu zien Udalak gazteei: “Gaztetxea udal hiltegia zegoen eraikinera mugitzea”.

Gaztetxeko kideek uko egin zioten aukera horri, espazio egokia ez zela eta hiltegiaren itxieraren auzia oraindik indarrean zegoela argudiatuta. Hiltegia ez itxi! plataformako kideek ere kritikatu zuten udalak espazio hori proposatu izana. 

Aurreko guztiaren ostean iritsi da oraingo hustutze mehatxua. Bien bitartean, Gaztetxeak irekita jarraitzen du. Hainbat auzolan, kontzertu eta hitzaldi egin dira bertan azken asteetan. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide