Urtarrilean bi eraso matxista salatu ziren hirian, Otsemeak talde feministaren Entzun gaitzatela tresnaren bidez. Lehenbiziko gertaera hilaren 5ean zabaldu zuen eragile feministak, sare sozialen bitartez. Hain zuzen, bortxatua izatea aitortu zuen neska gazte batek. Handik egun batzuetara, Urduñako Adi Emakumeak elkarteak oharra plazaratu zuen, eraso matxistaren aurrean erantzuteko premia azaleratzeko, baita erasotzaileekiko jarrerei erreparatzeko ere. "Urduñako herritar guztiak gonbidatzen ditugu gertatutakoa sinistu eta laguntzera; eta erasotzailearen inguruneari dei egiten diogu erasotzailea ez babestera", adierazi zuten irakurketa bat medio.
Elkarretaratze deialdia
Aipatu gertaerak salatzeko asmoz, larunbat honetan, otsailak 12, mobilizazioa egingo dute Foru plazan 13:00etan. Hain zuzen kontzentrazioa antolatu dute. Merkatu eguna izanik, ez da mobilizazio soila izango: Ilargiak musika taldeak girotuko du ekimena.
Aiaraldeko Mugimendu Feministak atxikimendua eman dio deialdiari, sare sozialetan mezua zabalduta: "Aiaraldeko Mguimendu Feministatik deialdia egiten dugu larunbatean Urduñako kaleak hartzera! Sexu erasoak ezin dira normalizatu eta banalizatu! Salatu eta entzun gaitzatela!".
Aiaraldeko Mugimendu Feministatik deialdia egiten dugu larunbatean Urduñako kaleak hartzera!
— Aiaraldeko Mugimendu Feminista (@AiaraldekoMF) February 8, 2022
Sexu erasoak ezin dira normalizatu eta banalizatu, salatu eta #EntzunGaitzatela! pic.twitter.com/gRWQMkcWTl
Urduñan salatutako erasoak
2022. urtean ez ezik, lehenago ere salatu izan dira genero indarkeria kasuak Urduñan:
- 2018ko maiatzean urruntze agindua zuen gizon batek bere bikote ohia erasotu zuen. Elkarretaratzea egin zen biharamunean udaletxe aurrean.
- 2018ko martxoan bikotearen eskutik jipoitua izana salatu zuen neska gazte batek:
- 2018ko maiatzean eraso matxista leporatu zioten 33 urteko gizonezko bati
- 2019ko urtarrilaren 15ean larriki zauritu zuen bikotekidea gizonezko batek. Mobilizazio jendetsuak egon ziren, bideoan ikus daitekeenez.
- 2022ko urtarrilean mutil talde gazte baten eskutik jazarpena salatu zuten 2 neskek