Hiru ibilgailuren arteko talka (Bizkaibus bat, kamioi bat eta furgoneta bat) jazo da gaur eguerdian Laudio eta Luiaondo artean. Zehazki, Amurriorako noranzkoan izan da ezbeharra, A-625 errepidean. Trafiko zuendaritzak gidari baten heriotza baieztatu du, eta gutxienez lau pertsona ospitalera eraman dituzte zauri larriekin. Lekukoek adierazi dutenez, hildakoa furgonetan zihoan, zaurituetako hiru bizkaibusen eta laugarrena kamioian.
Anbulantziaz gain, Osakidetzako helikopteroa ere bertaratu da bidaiariak artatzera.
A-625 errepidea itxita jarraitzen du Laudio eta Amurrio artean, bi noranzkoetan. Ertzaintza Okondo eta Orozkotik ari da desbideratzen bi udalerrien arteko trafikoa.
10 istripu baino gehiago azken urtean
Trafiko istripuak ohikoak bilakatu dira Laudio eta Amurrio arteako A-625 errepide zatian. Azken urtean (2021 eta 2022 urteen artean) 10 istripu baino gehiago egon dira gune horretan. Iragan maiatzaren 20an hiru autok egin zuten talka, bi zauritu eraginez. Maiatzaren 7an, aldiz, bi autok eta kamioi batek egin zuten talka, hiru zauritu eraginez. Martxoaren 7an auto bat irauli zen errepide horretan, eta zenbait zauritu egon ziren.
Iaz ere hainbat ezbehar egon ziren bide horretan. Urtarrilean auto bat irauli zen, apirilean basurde batek eragin zuen ezbeharra, eta maiatzean motor gidari batek izan zuen talka. Handik egun batzuetara beste istripu korapilatsu bat jazo zen, bi autoren eta garabi baten artean, eta beste gidari bat zauritu zen hilabeteko azken egunean.
Uztailean bi kas egon ziren, 17an lehena eta 31n bestea. Urrian auto bat atera zen bidetik, eta barruan zihoan pertsona zauritu zen. Abenduan, aldiz, hiru ezbehar egon ziren. Bi ibilgailuk elkarren aurka talka egin zuten abenduaren 10an, eta beste bik, aldiz, 14an. Hiru egun beranduago, auto batek eta kamioi batek istripua izan zuten.
Informazio gehiago jaso ahala eguneratuko da albistea.