Sarekada berria egin zuen Ertzaintzak Laudioko taberna batean larunbatean

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 18a, 08:00
Larunbateko sarekadaren irudi bat.

20 agente inguru mobilizatu zituen Ertzaintzak operazioan, baina hiru isun baino ez zituen jarri.

Larunbatean 22:30ean Ertzaintzak sarekada berria egin zuen Laudioko ostalaritza establezimendu batean drogen kontsumo eta trafikoaren kontra. Tabernako bezeroek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari 20 bat agente inguruk parte hartu zutela esku hartzean, Brigada Mugikorra eta txakurren unitatea barne.

Bitartekoak oparoak izan arren, hiru isun baino ez zituen jarri Ertzaintzak drogak izateagatik, Herritarren Segurtasunerako Legea ("Mozal Legea" gisa ere ezagutzen dena) baliatuta. Lekukoek azaldu dute hiru isunduek boluntarioki eman zietela ertzainei gainean zituzten legez kanpoko substantziak.

Horrez gain, poliziek tabernako bezeroen autoak ere miatu zituzten, ezer topatu gabe. Duela urtebete egoera bera bizi izan zuten taberna berean.

Beste taberna batean eta tren geltokian ere egon ziren poliziak jendea miatzen.

Beste taberna batean eta tren geltokian

Polizia, dena den, toki gehiagotan ibili zen helburu bera jarraiki. Berez, Laudioko herriguneko beste establezimentu batean egon ziren bi orduz, ezer aurkitu gabe. Horrez gain, arratsaldeko azken orduetan tren geltokitik ateratzen ziren hainbat gazte miatu zituen Ertzaintzak, lekukoek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez.

Hainbat operazio eskualdean

Asteburu honetan beran Ertzaintzak oharra zabaldu du jakinarazteko hiru atxiloketa egin zituztela Amurrioko udalerrian zegoen marihuana ekoizteko pabiloi batean.

Esku hartzeak biderkatu egin dira Aiaraldean zentzu horretan eta ia astebururo gertatzen dira sarekadak. Esaterako, otsailean 18 urteko gazte bat atxilotu zuten haxixa saltzea leporatuta eta beste bi adingabe isundu zituzten droga kontsumitzeagatik. Otsailean ere Orozkon eta Amurrion edota Laudion aritu ziren eta urtarrilean herri bereko bi tabernatan, parkean edota ikastetxeen kanpoaldean. Operazio horietako batean atxilotutako herritar batek bere egoera salatu zuen publikoki.

Bide batez, aste honetan iaz atxilotutako gizonezko batek adierazi du bere kontrako operazioa sona handikoa izan bazen ere, atzeman zioten marihuanak ez zuela THCrik eta, hortaz, ez zela droga.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide