Maderas de Llodio greba mugagabean

Bizilagunen txaloen artean sartu dira Maderas de Llodioko langileak fabrikara, 290 egunen ostean

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 6a

Dozenaka herritar bertaratu dira goizeko bostetan fabrikako sarrerara, Tubos Reunidos edota Tubacexeko hainbat langile tartean. 

Gaur sartu dira lanera Maderas de Llodioko langileak, 290 egunez luzatu den grebari amaiera emanez. Ez dira bakarrik egon. Goizeko bostetan dozenaka lagun bildu dira Laudioko egur fabrikako sarreran, eskualdeko historiako grebarik luzeena egin duten beharginei harrera egiteko. Bertan egon dira, besteak beste, Tubos Reunidos edota Tubacexeko hainbat langile. Bengala eta txalo artean egin diote ongi etorria beharginen auto ilarari. 

290 eguneko borroka

Iraila hasieran jaso zuten albistea. Garnica taldeak iragarri zuen 39 langile (gerora 35ra murriztuko zirenak) kaleratu eta Laudioko ekoizpenaren %40 kanporatuko zuela. Langileek mobilizazioekin erantzun zieten zuzendaritzaren asmoei, eta greba mugagabea abiatu zuten kaleratzeen zenbatekoaren berri jaso eta astebetera.

Lehen greba egunak nahiko biziak izan ziren piketean. Izan ere, grebaren jarraipena erabatekoa izan arren, zuzendaritzako ordezkariak hainbat aldiz bertaratu ziren lantegira Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziazio-fasean, eta beharginek txistu, petardo, bengala edota eserialdi artean egin zieten harrera. 

Fabrikatik harago ere eraman zuten gatazka, hainbat ekintza esanguratsu burututa aste gutxitan: Arabako Foru Aldundiaren Laudioko bulegoak okupatu zituzten lehenbizi, eta itxialdia egin zuten gero Laudioko Udaletxean. 

Lanera itzuli nahi zuten langileen berronartzea lortuta itzuli dira Maderas de Llodioko beharginak lanera. 

Erakunde publikoen inplikazioa eskatzea izan zen ekimen horien xedea, baina enpresako zuzendaritzan ere jarri zuten begirada: Bi ibilaldi egin zituzten Errioxan Garnicak dituen bulego zein lantegietara, eta Laudioko fabrikaren barrura ere eraman zituzten kaleratzeen aurkako aldarriak urte hasieran. 

Handik gutxira urrats bat ematea lortu zuten, Arabako Foru Aldundia prest agertu baitzen bitartekaritza lanak egiteko. Bilera ziklo luze batean murgildu ziren orduan Enpresa Batzordeko kideak. Bide horretan, langileek hainbat aldiz salatu dute erakunde publikoak bileretan egotera mugatu direla, benetako bitartekari lanik egin gabe.

Azkenean, Garnica multinazionalak eginiko azken proposamena onartzea erabaki zuten langileek ekainaren 8an. Ordutik hona enpresarekin negoziatzen egon dira, eta iragan astean sinatu zuten fabrikara itzuli nahi zuten kaleratutako langileen berronartzea.  

Hala azaldu zuten duela astebete eginiko azken mobilizazioan. Eskualdeari eskerrak emateko baliatu zuten manifestazio hori. “Eskerrik asko elkartasun adierazpen bakoitzagatik, babes keinu bakoitzagatik eta borroka hau inoiz ez dela Maderas Laudioko langileena bakarrik izan erakusteagatik, baizik eta enplegua defendatzea Aiaraldearen etorkizuna defendatzea dela ulertu duen eskualde oso batena”, aldarrikatu zuten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide