Ekonomiari dagokionez, Kutxabankeko bulegoen itxieraren kontrako protestek hasi zuten urtarrilean protesta garaia. Izan ere, Aretako eta Okondoko sukurtsaletako zerbitzuak eteteko asmoa iragarri zuten arduradunek. Aurrez, Latiorroko bulego zerbitzua utzi zuten bertan behera. Instituzioetan ere izan zuen oihartzuna aferak, Okondoko Udalak adierazpen instituzionala egin baitzuen herritarrengan eragindako kalteak salatzeko. Arakaldoko eta Arrankudiagako udalek ere egin zuten bat okondoarren manifestuarekin, eta Aiarako Kuadrillak, bere aldetik, Kutxabankekiko harremanak eten edo ez aztertzea erabaki zuen.
Lan heriotza
Urteko kolperik latzena, baina, 22 urteko gazte baten lan-heriotza izan da, elektrokutatua hil baitzen Murgan:
Ehunka langileren bizimodua, kolokan
Eskualdeko enpresa nagusiei dagokienean, negozioek aurrera egin dutela esan liteke; ez, ordea, lan-baldintzak hobetzeko neurriek.
Tubos Reunidosen zuzendaritzak lanpostuak suntsitzeari ekin dio zorra murrizteko, eta lehiaketan sartu dira Artziniegako CEL enpresa eta Gometegi. Haatik, ehunka familiaren bizimodua dago kolokan. Artziniegako Udalak CEL enpresaren itxierarekiko kezka adierazi du.
Atzera begiratuta, langile berrien eta beteranoen arteko soldataren desoreka salaketak mahaigaineratu zuen lehenbizikoz urtarrilean Gometegi enpresa. Izan ere, 7.200 euroko lan-sari ezberdintasuna ezarri zuen zuzendaritzaren itunak; behargin berriek %27 gutxiago kobratzea ahalbidetuz. Alta, oraintsu iragarri du zuzendaritzak 34 langileren kaleratzea. Artziniegako Tubacex Taylor Accesorios fabrikan (40 langile), berriz, Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) martxan jartzea planteatu zuen urte hasieran zuzendaritzak. Besteak beste, 45.000 euroko dieta eskaini zieten langileei 6 hilabetez langabezian egoteagatik. Egoeraren aurrean mobilizatzeari ekin zioten:
Laudioko Tubacexeko lantegian, aldiz, garbitzaile baten jazarpena salatu zuten. Amurrioko azpiegiturak, baina, negozioari bide eman zion 500 milioi euroko kontratua sinatuta Iranen; lurraldearen aurkako blokeo ekonomikoaren ostean gas eta petrolioaren esparruan sinatzen zen lehen kontratua. Alabaina, abuztuan adierazi zuten negoziazioa etenda zegoela, baina ez zutela atzera bota.
Guardian
Guardian enpresa, ostera, kutsadura kopuruak jarri zuen 2017an lehenbizikoz fokopean. Batetik, eskualdean atmosfera gehien urratzen duen lantegia izanik, konpromisoa hartu zuen kaltea %60 murrizteko. Alabaina, bestetik, uztailean aldaketak iragarri zituen zenbait azpiegitura ixtea erabakita. Postu horietan zeuden 19 pertsonak ez dituzte bota, lanez aldatu baizik. Hori dela eta, zilarreztatze gunea kentzearen aurka zutitu ziren langileak. Izan ere, Langile komiteak salatu duenez, azken hamarkadan ia 200 lanpostu finko galdu dira.
Megatech
Megatecheko hitzarmenak ere kolokan jarri ditu beharginak, enpresak soldata eskala bikoitza proposatu baizuen kimikako hitzarmen estatalaren bitartez.
Tubos Reunidos
Tubos Reunidoseko langileei erreparatuta, nabarmentzekoa da Almesa filialaren salmenta , 27 milioi euroren truke adostu baitu jabe-aldatzea. Aurrez, Inauxako ekoizpena eskualdatu zuen Alemaniako enpresa batekin hitzarmena itxita. Zentzu horretan, lanpostuak suntsitzeko plana salatu zuen udazkenean Tubos Reunidoseko enpresa batzordeak. Azarora arte, behintzat, jarraitu dute langileek protestekin:
Artiach
Orozkoko Artiach galleten ekoizpen enpresak ere eman du zer esana. Horren adibide dira azaroan hasitako kaleratzeen kontrako lanuzteak.
Hitzarmen asko, lorpen gutxi
Hitzarmen asko eta langileen lorpen gutxi utzi ditu urteak. Hala ere, berri onak ere jazo dira, tarteka. Laudioko Udalean, adibidez, langileen hitzarmena berritu dute, soldaten %6ko igoera mailakatua proposatuz.
Envisser enpresarena izan da lorpenetako beste bat, Aiarako Kuadrillako zabor bilketan behar egiten duten langileena. Ekaina bitarteko protesten ondorioz lortu dute hitzarmena berritzea, bai eta lan-baldintzak hobetzea ere. Zehazki hauek izan dira hobekuntzak: soldata %2 gehiago izatea aurten, 2018tik 2021era urtero %3 igotzea, eta lanaren toxikotasun zein aurrikusgarritasungatik plusa jasotzea.
Supermerkatuetan grebak
Negozioek aurrera darraiten bitartean, baina, langileen baldintzak ez dira hobetu. Ez, behintzat, Supermerkatuetan: abenduaren hasieran Lidl-eko langileen baldintza eskasak salatu baitzuten:
Egunotan, berriz, Diako supermerkatuek egingo dute greba. Aurreko astean egin zuten lehen geldialdia, eta abenduaren 29an izango da bigarrena.
Turismo zerbitzuak kinkan
Bestalde, Aiaratur elkartea desegitea erabaki zuten ekainean. Erakundea ordezkatzeko prozesuari ekin diote ondorioz, Aiarako kuadrillan integratzeko.
Haizea alde du dena den, aspaldiko partez, Urduñak: udaberrirako espero dute Aduana hotel-bainuetxea irekitzea eta.
Lehen sektorea, gora beheratsu
Lehen sektoreak ere eman du kolperen bat edo beste. Arrankudiaga-Zolloko Alfonso Olabarrietak, esaterako, abeltzaintzan purinak modu ekologikoan ekoizteko makina asmatu zuen; eta Espainiako 15 asmakuntza onenen artean sartu dute.
Txakolin ekoizleek ordea, gazi-gozo bukatu dute urtea: izozte eta gaixotasunek %43 murriztu zuten uzta eta. Edozelan ere, hainbat kasutan produktua nazioartekotzeko saiakerak fruituak eman dituela esan liteke: Astobiza upategiak Tokion, Osakan eta Hokaidon merkaturatzea lortu baitu.
Hezkuntzako grebak
Irakaskuntza izan da 2017ko protagonistetako beste bat, azken asteotan ugariak izan dira hezkuntza zentroetako langileen grebak. Izan ere, hala irakasleek nola jantokietako langileek zein garbitzaileek egin dituzte lanuzteak.