Kultur sorkuntza Aiaraldean

[URTEARI SO] Ia 20 sariko uzta jaso du Aiaraldeko kultur sorkuntzak

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 27a, 18:02

"Urrezko txapela" jaso zuen Esti Urresolak "Paperezko ahotsak" lanagatik / Aiaraldea

Uzta oparoa utzi du tokiko kultur sorkuntzak eskualdean. Horren adibide dira jasotako sari zerrenda luzea edota aurkeztutako liburu andana. Musikan, antzerkian, dantzan, zineman edota literaturan gailendu dira aiaraldearrak.

Emaitzei erreparatuta arrakastatsua izan da urtea bailarako sortzaileentzat. Ikus-entzunezkoen aipamenek estreinatu zuten 2017a, Agurtzane Intxaurraga orozkoarra izendatu baitzuten Goya sarietarako hautagai Teresa eta Galtzagorri filmagatik

Esti Urresolak, berriz, dokumental onenaren “Urrezko txapela” irabazi zuen “Paperezko ahotsak” ekoitzi eta zuzentzeagatik. Kepa Sojok ere utzi du berea: dokumentala proiektatzeaz gain "Movistar +" saria eskuratu baitu Sonia Palaciosekin film labur berri bat grabatzeko. Ruben eta David Blyth anai aiararrek ere eskuratu dituzte sariak, Getxo Express film laburren lehiaketan garaile izan baitziren.

Aitortza eta sariez gaindi, orozkoarrek euskararen historia bildu dute “Euskara, Mariren hizkuntza” dokumentalean.

 

 Musika diska ugari

Muskhum taldeak bere lehen diskoa aurkeztu zuen urte hasieran, eta Elena Ribado gospel abeslariak bere bigarren lana. Eraskusleihorik handiena, baina, Durangoko Azoka izan da, bertan izan baitziren artistetako asko euren lanak aurkezten: Yogurinha Borova, Igor Arzuaga... Yogurinha Borovak, gainera, diska berria osatzeaz gain, “My way out” transexualitateari buruzko proiektua abiatu du, ikus-entzunezkoa.

 Nazioartean ere oholtzaratu dira bailarako artistak; Goiatz Dutto laudioarra, esaterako, Moonshine Wagon taldearekin aritu da munduan barrena: Brasilen 22 kontzertu eman ditu aurten. Urduñako Gwa Ya taldeak ere eman du zer esana, Trebujena jaialdiko onentzat jo baitzuten.

Abesbatzen testuinguruan, Singaiara taldearen sorrera izan da nobedadeetako bat. Fin lan egiteagatik orain arte izendatu dute Diego Martin Etxebarria amurrioarra Krefeld eta Monchengladbacheko opera antzerkien zuzendari nagusi. Bestalde, azpimarratzekoa da eskualdeko hainbat abesbatzek eta herritarrek elkarlanean landutako zarzuela; 100dik gora lagun agertu baitziren eszenatokian.

Bertsolaritzan, berriz, Serapio Lopez baranbioarrak jo du goia 2017an, Arabako bertsolari txapelketako finalera iritsita.

 

Aiaraldearrak dantzan

Urteari so, diziplina ezberdinetan gailendu dira herritarrak aurten. Iñigo Martinezek, adibidez, Escena Mobile dantza lehiaketako lehen saria eskuratu zuen, eta Suitzan dago gurpildun aulkitik dantza lan berria prestatzen.

Bestalde, Nuria y Raquel akademia laudioarrak hainbat sari etxeratu zituen Orbe jaialditik, 10 hain zuzen. Laudio Wellness kaleko dantza klubak, aldiz, Euskal Herritik kanpo aritzeko txartela eskuratu zuen; Madrilen, Burgosen, eta Bartzelonako Palau Sant Jordin emanaldiak eskainiz, besteak beste.

 

Literatur ekoizpena, handitzen

Edozelan ere, literatura da lan gehien pilatu dituen arte mota. Pedro Ibarrolak “Ratoneras de Cristal” liburua argitaratu du, eta Enrique Arberasek Maroñori buruzko liburua, bertako historia biltzeko asmoarekin. Carmen Morillo amurrioarrak ere sortu du ipuina:“Que te lo cuente mi perra”.

Margolaritza ardatz, Egoitz Bernaolak Joaquin Barbara y Balza margolari laudioarraren bizitza jaso du oraintsu liburu batean. Ildo beretik,  Marcos Rubio Gonzalek “Ipurterre” pailazo bihurriaren nondik norakoak marrazkiz hornitu ditu, apirilean aurkezpena eginez.

 

Tabuak hautsiz

Gauzak horrela, eguneroko hainbat tabu literatur lan bihurtu dituzte eskualdeko zenbait sortzailek. Leire Martin Curtok, esaterako, anorexia eta bulimiari heldu dio ilustrazio liburu baten bidez. Luis Rodrigez Iberniak, aldiz, bere semearen autismoak sortutako arantzak marrazkitara ekarri ditu kaktus baten istorioarekin; “Tengo autismo... mi amigo Poncho” liburuan konproba daitekeenez.

Literatura eta poesian alorrek ere saritu dituzte idazle aiaraldearrak. Horien artean daude Haizea Urkixo laudioarra (Urruzuno literatur txapelketan poesia kategoriako irabazlea) eta Espido Freire (Azorin saria). Yerai Gomara gazte amurrioarrak, berriz, book trailer txapelketa irabazi zuen “Kalte gabeko jokoak” liburuan oinarrituta; ia 2.000 partaideren artean nagusituz.

 

Ekitaldi bereziak

Hamaika dira erakusketen bidez dotoretu diren Kultur etxeak eta aretoak. Jose Migel Llanok, adibidez, Amurrioko Musika Eskolako kideak fotografiatu zituen kreatibitatea baliatuta; eta La Casona etxean egon ziren lanak ikusgai.

Bestalde, Mikel Ayllon idazleak, Haizea Paris dantzariak, Pablo Ibarluzea aktoreak eta Igor Arzuaga musikariak “Takoidun zapata gorria” obra prestatu zuten, baita taularatu ere: Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian aukeratuetako bat izan zen; eta hainbat emanaldi eman zituzten.  

 Seguruenik lanek lan handia eman badiete ere, hamaika aitortza jaso ditu beraz Aiaraldeko kultur sorkuntzak; sormenaren lurrak bizirik dirauenaren adierazle.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide